Publicador de contenidos

2023ko aurrekontuen likidazioak emaitza positiboa izan du

Udaleko kontu hartzaileak 2023ko likidazioaren berri eman du apirileko osoko bilkuran: behin betiko aurrekontua 16.935.800,13 eurokoa izan zen, eta aurrekontuen emaitza, 1.154.601,58 eurokoa.

2024·04·26


Usurbilgo Udalaren 2023ko aurrekontuen emaitza positiboa izan da: 1.154.601,58 eurokoa. Hau da, 2023an izandako diru-sarrerekin 2023an sortutako gastuak finantzatzeko ahalmena izan du udalak, eta, gainera, 1.154.601,58 euroko soberakina sortu du. Hala jakinarazi du udaleko kontu hartzaileak apirileko ohiko osoko bilkuran. Horrez gain, azaldu duenez, 2023 hasierako aurrekontua 13.218.200 eurokoa bazen ere, urtean zehar egindako kreditu txertaketekin eta kreditu gehigarriekin, 2023ko behin betiko aurrekontua 16.935.800,13 eurokoa izan zen.

Likidazioa egin ostean aurrekontuaren emaitza positiboa bada, diruzaintza gerakineko zati bat hurrengo urteko aurrekontuetara pasa dezakete udalek. Kontu hartzailearen esanetan, 2023ko aurrekontuak likidatuta, udalaren diruzaintza gerakinean 3.157.510,68 euro daude, eta aurrekontu emaitza positiboa izanda, gerakinaren zati bat, 1.906.054,14 euro, kreditu txertaketa bat egiteko erabili da. Hau da, diru hori jada 2024ko aurrekontuari txertatu zaio, 2023an exekutatzeko denbora eman ez zuen zenbait gastu eta inbertsio 2024an egin ahal izateko. Hala, 2024rako onartutako 13.117.569,45 euroko hasierako aurrekontua, dagoeneko, 15.023.623,59 eurokoa da.

Osoko bilkuran jakinarazi dutenez, gainera, bi kreditu aldaketa onartu dituzte. Bat, 10.000 eurokoa, aurreko osoko bilkuran onartutako larrialdi humanitarioei erantzuteko partida hornitzeko. Bestea, 80.000 eurokoa, Kalezarko aldaparen lizitazioa martxan jarri ahal izateko: kreditu globaletik hartu behar izan dituzte, hori hutsik utziz. Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak jakinarazi duenez, hurrengo osoko bilkuran, beste “kreditu aldaketa inportante bat” egingo dute: kasu horretan, gerakineko beste zati bat 2024ko aurrekontuetan aurreikusi gabeko inbertsioetara bideratuko da, eta kreditu globala berriz beteko dute, zer gerta ere, diru hori erabilgarri izateko.

Udalaren zorpetze maila, berriz, %6,86koa da. Legeak ezartzen duen gehieneko zorpetze maila %70ekoa da, beraz, langa horretatik urrun dago Usurbilgo Udala.

Gauzak horrela, 2023a exekuzio aldetik “ohiko urtea” izan zen, kontu hartzailearen esanetan.