Publicador de contenidos
Atrás Botiken tratamenduak jarraitzeko zailtasunak dituzten herritarrei laguntzeko lankidetza-hitzarmena
24·04·2024

Usurbilgo Udalak eta Gipuzkoako Botikarien Elkargoak lankidetza hitzarmena sinatu dute, lau urterako, botiken tratamenduak jarraitzeko zailtasunak dituzten herritarrei laguntzeko, eta herriko bi farmaziek egin dute bat programarekin. Etxez etxeko laguntza zerbitzuko erabiltzaileei eta gizarte zerbitzuek artatutako pertsonei zuzendutako programa da: bertan parte-hartzea borondatezkoa eta doan izango da, eta, era berean, edozein momentutan utzi ahal izango dute. Hitzarmenaren berri eman eta argazkia ateratzeko elkartu dira gaur Agurtzane Solaberrieta Mesa Usurbilgo alkatea, Miguel Angel Gastelurrutia Garralda Gipuzkoako Botikarien Elkargoko lehendakaria eta Tomas Iturralde eta Laida Amenabar herriko bi farmazietako arduradunak.
Solaberrietak azaldu duenez, programa, izatez, ez da berria: lehendik martxan zegoen etxez etxeko erabiltzaileentzat zein modu pribatuan eskatzen zutenentzat. “Hitzarmen honen bidez, onuradun izateko aukerak zabaldu egiten dira: etxez etxeko zerbitzuaren erabiltzaileek ez ezik, familia ingurunean zaintzeko prestazio ekonomiko bat jasotzen dutenak eta gizarte zerbitzuetako bestelako zerbitzuren bat jasotzen dutenek ere izango dute onuradun izateko aukera”. Modu pribatuan eginda, hilabetean 30 euro inguruko kostua izaten du zerbitzuak; hitzarmen honen bidez, zerbitzu hori doan jasoko dute erabiltzaileek.
Gastelurrutia pozik eta esker oneko agertu da. Izan ere, haren esanetan, zerbitzua “oso erabilgarria” izaten da erabiltzaileentzat, eta, beraz, programaren erabiltzaile potentzialen aukera zabaltzea berri ona da, zentzu horretan.
Gizarte zerbitzuek onuradun izan daitezkeen pertsonei programaren berri emango die. Erabiltzaileek edo euren ordezko legalak farmazia bat aukeratu beharko dute, eta gizarte zerbitzuek sinatutako baimen informatu bat aurkeztu beharko dute aukeratutako farmazian. Farmaziak elkarrizketa egingo dio onuradunari edo bere zaintzaile edo laguntzaileari, ahalik eta datu gehien eskuratzeko, eta datuok bere mediku arduradunarekin alderatuko ditu. Izan ere, farmazialariak onuradunaren tratamenduaren jarraipena egin beharko du, sendagaiei lotutako arazorik egon daitekeen antzemateko: elkarreragina, bikoizketa, dosi eta denbora tarte desegokia... Halako kasuetan, medikuarekin harremanetan jarri eta elkarrekin erabakiko lukete zer egin egoera zuzentzeko. Hortik aurrera, farmazia onuradunaren dosifikazio-sistema pertsonalizatua prestatzeaz arduratuko da.
