Publicador de contenidos
Atrás 1.526.000 euro gutxiago 2020ko udal-aurrekontuetan, Covid19-aren eraginez
24·07·2020
Azaroko osoko bilkuran onartu zuen Usurbilgo Udalak 2020rako aurrekontua: 12.375.710 eurokoa. Baina, gizartearen gainerako esparru guztietan bezala, Covid19-ak arrastoa utzi du udalen ahalmen ekonomikoan ere: 11.532.000 euroko aurrekontu egokitua aurkeztu du udal-gobernuak. Diru-sarrerak 1.526.063 euroan jaitsiko direla aurreikusi du, hainbat arrazoi tarteko: zerga bidezko bilketaren jaitsiera, alarma-egoeran eman ez diren zerbitzuengatik ez kobratzea eta, nagusiena, Udalen Finantzaketarako Foru Funtsaren murrizketa. Atzo onartu zituzten aurrekontu egokituak, uztaileko osoko bilkuran, EH Bilduren botoekin; EAJk kontra bozkatu zuen, eta PSE-EE abstenitu egin zen.
Hiru arrazoi horiek tarteko, 1.526.000 euro gutxiago jasoko ditu udalak. Batetik, zerga bilketa %10 jaitsiko dela aurreikusi du: 440.000 euro inguru gutxiago. Bestetik, alarma-egoeran hainbat zerbitzu eten egin behar izan ditu, eta eman ez diren zerbitzuengatik ez kobratzea erabaki zuenez, aurreikusitako sarrera horiek ere ez ditu jasoko: 180.980 euro gutxiago. Eta, azkenik, Gipuzkoako Foru Aldundiak urtero udalen finantzaketarako banatzen duen foru funtsa aldebakarrez murriztu du: ia 900.000 euro gutxiago.
Horrez gain, Covid19-aren aurretik hartutako hainbat konpromiso eta ezusteko gastu bat tarteko, 722.753 euroko kreditu gehigarriak gehitu zaizkio aurrekontuari, diruzaintza gerakina baliatuz nagusiki. Hasierako aurrekontuari murrizketak aplikatu, eta gerakineko txertaketa kontuan hartuta, 11.532.000 eurokoa da udal-gobernuak aurkeztu duen aurrekontu egokitua.
Diru-txertaketa horren zati bat Zumarte amaitzeko enpresa eraikitzailearekin adostutako konpromisoarekin lotuta dago: 337.620 euro. Obrak bideratzeko akordioa lortu zuen udalak Moyua enpresa eraikitzailearekin: horri esker, eraikinean bertan hasi ahal izango dute ikasturtea musika eskolako ikasleek zein Orbeldi dantza taldeko kideek. Diru hori, beraz, akordio horren barruan hitzartutakoa da; Moyuak, bere aldetik, bere hitza bete, eta amaitzear ditu obrak. Beste zatia azken hilabeteetan jasotako ezusteko bati dagokio: foru aldunditik jasotako errekerimendu baten ondorioz, udalak 283.326 euro ordaindu berri dizkio aldundiari. Duela hamar urte inguru, Ugartondoko operazio urbanistikoa martxan jarri zenean, permuta egin zuen udalak, udal-brigadaren Atalluko eraikinarekin. Udalak, garai hartan, ulertu zuen salerosketa hark ez zuela BEZa ordaintzerik eskatzen, baina, orain, BEZ hori ordaintzeko exijitu dio aldundiak.
Horrez gain, Covid19ak eragindako bestelako gastuak ere izan dira, besteak beste, osasun baliabideak erosi beharra, merkataritza sustatzeko bonuak edo oinarrizko elikadura bermatzeko laguntzak sortzea eta kiroldegia ixteagatik kudeatzen duen enpresari ordaindu beharreko indemnizazioa. Horiek guztiak nola ordaindu erabakitzeko, udaleko kontu hartzaileak kreditu gehigarrien proposamen bat egin zuen: nagusiki, udalaren diruzaintzako gerakineko 656.909 euroak erabili dituzte, eta, horrez gain, aurreikusita ez zeuden baina udalak jaso dituen diru-sarrerak erabili dira. Guztira, 722.753 euro. Alegia, sarrera berriek gastu berriei aurre egiteko balio izan dute.
EAJk aurka bozkatu zuen, ez duelako bat egiten udal-gobernuak aurkeztutako proposamenarekin. Besteak beste, eurek 2020ko aurrekontuei egindako hiru ekarpenetatik bi kanpoan utzi dituztelako planteamendu berrian: Troia eta herrigunea lotzeko bidegorria egiteko aurreproiektua eta Etxealdiako parte-hartze prozesua. Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak esan zion, batetik, Etxealdiakoa aurten ez egitearen arrazoia, ekonomikoa baino, operatiboa zela: beste parte-hartze prozesu batzuk udazkenera atzeratu direnez, lau-bost prozesu aldi berean egiteko zailtasunak, alegia. “2020an ez, baina 2021ean egingo dugu”. Bidegorriari dagokionez, Solaberrietak azaldu zuen Gipuzkoako Aldundiak udalari esan diola ez dela bere eskumena eta ez egiteko. “Ikusita, haiengatik balitz, ez litzatekeela inoiz iritsiko, proiektua gure gain hartzeko asmoa geneukan. Lehengo legealdian, ETSk proiektu osoa landu zuen Troiako puntu beltzari aurre egiteko, eta diputazioak bertan behera utzi zuen”. Azaldu zuenez, elkarlanerako eskua luzatu zuen udalak, baina, gaur-gaurkoz, ez dute baiezkorik jaso.
Inbertsioak atzeratzea
Horrek guztiak esan nahi duena da 2020an martxan jarri asmo ziren hainbat inbertsio ezin izango direla egin, eta, izatekotan, hurrengo urteetan egin beharko dituztela. Udalbatzako hiru alderdiek adostutakoaren norabidean, tokiko gizarte-, kultura- eta ekonomia-sarearen zaintzan jarriko dituzte lehentasunak: hala, tokiko ekonomian -bereziki, tokiko merkataritzan, ostalaritzan eta zerbitzuen sektorean-, euskal kulturan -bereziki, tokiko sortzaileei lagunduz-, eta herritarren gizarte babesean egingo dute ahalegin ekonomikoa. Ildo horretatik, ez dute murrizketarik planteatu udal-gobernuarentzat “transbertsalak” diren alorretan (dirulaguntzetan eta udaleko pertsonalgoaren soldatetan, esaterako), eta, gainera, beste partida batzuk modu nabarmenean indartu dira: garapen ekonomikoan eta gizarte zerbitzuetan.
Gauzak horrela, honakoak dira geroratu diren 2020ko inbertsioak: Erroizpeko filtrazio sistema; Pelaioenean 2020rako aurreikusitako obra (2021-2022 aurrekontuetarako utzi dute); Aginagako Elutx bidea, oinezkoei bideratua; Brigadaren hondeamakina berria; kiroldegiko gradak; Troia eta herrigunea lotzeko bidegorriaren aurreproiektua; Etxealdiako parte-hartze prozesua (2021era atzeratua); efizientzia energetikoa. Guztiak kontuan hartuta, 971.000 euro inguru murriztea lortu dute. Mantendu dituzten inbertsioak dirulaguntzak jasotzeko aukeren arabera izan dira: Mikel Laboa eta Artzabal arteko lanak, Txokoaldeko ekipamendu publiko eta Pikaola eta Olarriondoko urbanizazio zatiak.
Egutegi fiskalaren egokitzea
Alarma egoera ezartzearekin bat, udalak hartutako lehen neurri ekonomikoetako bat izan zen egoera horrek iraun beste atzeratzea zergen kobraketa, ordainketekin zailtasunak izan zitzaketen herritarrei laguntzeko asmoz. Beraz, egutegi fiskal berria onartu dute EH Bilduren botoekin; EAJk eta PSE-EEk abstentziora jo dute.
ZERGA KONTZEPTUA |
ORDAINKETA EPEA COVID19 |
Asteroko merkatuaren erabilpen tasa (iazko 4. hiruhilekoa) |
Bere horretan |
Ura, estolderia eta hondakinak (iazko 4. hiruhilekoa) |
Bere horretan, malgutasunez |
Trakzio mekanikoko ibilgailuen zerga |
Ekainaren 19ra arte, malgutasunez |
Asteroko merkatuaren erabilpen tasa (urteko 1. hiruhilekoa) |
Ekainaren 1etik 30era |
Ura, estolderia eta hondakinak (urteko 1. hiruhilekoa) |
Ekainaren 1etik uztailaren 30era |
Ondasun higiezinen gaineko zerga |
Abuztuaren 1etik irailaren 15era |
Asteroko merkatuaren erabilpen tasa (urteko 2. hiruhilekoa) |
Uztailaren 1etik abuztuaren 3ra |
Ura, estolderia eta hondakinak (urteko 2. hiruhilekoa) |
Irailaren 1etik urriaren 16ra |
Espaloian zehar ibilgailuak sartzea (badoa) |
Urriaren 1etik 30era |
Ekonomia jarduera gaineko zerga |
Urriaren 1etik abenduaren 10era |
Asteroko merkatuaren erabilpen tasa (urteko 3. hiruhilekoa) |
Urriaren 1etik 30era |
Ura, estolderia eta hondakinak (urteko 3. hiruhilekoa) |
Azaroaren 2tik abenduaren 16ra |
Bide publikoaren erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziagatik tasa |
Azaroaren 2tik 30era |
Emakida administratiboak (udal-baratzak...) |
Azaroaren 2tik 30era |
EIOZ-ICIO ordenantza fiskala aldatzea
Maiatzeko osoko bilkuran aurreratu bezala, Usurbilgo EIOZ-ICIO ordenantza fiskalak aldatzeko aukera aztertu du udal-gobernuak; enpresa pribatuek edozein udalerritan bere jarduera garatu nahi duenean, eta horretarako obra bat egiten duenean, baimenak eskatu behar ditu, eta zergak ordaindu. Jarduera ekonomikoa erakartzeko hobariak ematen zaizkie enpresei, horrek, aldi berean, herriari onura egiten diolakoan. Aurreikuspenen arabera, garai zailak datoz ekonomiarentzat: euskal enpresentzat eta, zer esanik ez, langileentzat. Aurreko legealdian egindako lanketa sakonari esker, ordea, epe motzean enpresa garrantzitsuak datoz Usurbilera: lanpostu gehienak birkolokatuko badituzte ere, berriak sortzea ere aurreikusi dute.
Udal-gobernuak bide horretan sakondu nahi du, eta enplegua susta dezaketen enpresei herrirako bidea erraztu, hainbat hobariz baliatzeko aukera emanda, baldin eta Usurbilgo udalbatzak hala erabakiko balu. “Dena den, kontuan izan behar dugu zerga hobariak eskaintzeak udal-baliabide ekonomikoak galtzea dakarrela, eta, beraz, ezinbestean hori ere aintzat hartu behar dela edozein proposamen berri egiteko orduan”, azaldu du Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak. Gipuzkoako Aldundiko hobariak aztertu dituzte: Usurbilgo Udalak ematen dituen aukera berdintsuak aurreikusten ditu, baina malgutasun handiagoz. Inguruko herrietako ordenantzak ere aztertuta, ordenantza fiskalak aldatzea proposatu du udal-gobernuak, enplegua erakartzea errazteko.
Uztaileko plenoan eztabaidatu, eta aurrera egin du proposamenak EH Bilduren botoekin; EAJk aurka bozkatu du, eta PSE-EEk abstentziora jo du.
Hobariaren arrazoia |
Egungo ordenantza |
Ordenantza berrian |
Udal-onura edo interes berezia |
%50 edo 90 |
%90 |
Eguzki-energia aprobetxatzea |
%95 |
%95 |
Azpiegituretan inbertsio prib. sust. |
%0 |
%0 |
Babes Ofizialeko etxebizitzak |
%15 |
%15 |
Irisgarritasuna |
%90 |
%90 |