Publicador de contenidos

Atrás ‘Osasun mentala eta nerabeak’ hitzaldia gaur, Treba gurasoak programaren bidez

Nerabeen gurasoei zuzendutako saioa izango da, Potxoenean, Estibaliz Ansotegi trebatzailearen eskutik. Izena emateko aukera dago oraindik.

21·05·2025


Treba gurasoak programaren lehenengo saioa izango da gaur, maiatzak 21, osasun mentala eta nerabeak gaitzat hartuta: Potxoenean izango da, 17:30ean. Aldundiak eskaintzen duen programa horren bidez, tokian tokiko eragileek landu nahi dituzten gaiak proposatzen dituzte: Usurbilen, Hitz Aho guraso elkarteak eta Gaztelekuak proposatuta antolatzen dira. Doan izan arren, izena ematea beharrezkoa da, Usurbil Kultura webgunean: oraindik zenbait plaza libre daude.

Osasun mentala eta nerabeak” hitzaldia

Familien eginkizun nagusietako bat da heztea eta seme-alabek balio eta portaera/jarraibide egokiak eskura ditzaten lortzea. Babesaren gakoa da ingurune seguruak eta babesleak sortzea. Ingurune horietan, pertsonak erabat garatu ahal izango dira, beren eskubideak errespetatu ahal izango dira eta edozein indarkeria-motatatik libre egongo dira, haien ongizate fisikoa eta mentala bermatuz.

Hauek dira landuko diren edukiak eta gaitasunak: Gure seme-alaben osasun mentala, nola sentitzen dira? / Zer da osasun mentala? / Zerk kezkatzen gaitu osasun mentaletik? / Adimen emozionalaren garrantzia / Ezegonkortasun emozionala / Zer dira gatazkak? / Detekzio goiztiarra eta babesgabetasuna / Nola lagun diezaiekegu? Familientzako aholku batzuk.

Hurrengo saioak

Ekainak 5. “Kuadrillen saltsak: nerabeen arteko harreman sareak”.

Nerabeentzako saioa, Beñat Benitez trebatzailearen eskutik. Gaztelekuan izango da, 16:30-18:30 bitartean.

Urriak 28. “Gure emozioak kudeatzen, gure seme-alaben bidelagun izateko”.

Haur eta nerabeen gurasoei zuzendutako saioa, Miren Ros trebatzailearen eskutik.

Datak hurreratu ahala jarriko da izena emateko aukera Usurbil Kultura webgunean.