Publicador de contenidos
Atrás ‘Mugiment’ zerbitzua jarriko du martxan Usurbilgo Udalak, jarduera fisikoari buruzko aholkularitza zerbitzua
14·10·2019
Jarduera fisikoaren preskripzio, orientazio eta aholkularitza zerbitzua martxan jarriko da, asteazkenetik aurrera, Usurbilgo anbulatorioan, Usurbil Suspertu lelopean. Mugiment du izena zerbitzuak, eta herritarrak pertsona aktiboak izan daitezen lan egingo du. Eusko Jaurlaritzak, Osakidetzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak elkarlanean osatutako programa da; Usurbilen, udalak eta Osakidetzak eskainiko dute zerbitzua, anbulatorioaren eta kiroldegiaren kolaborazioarekin.
Duela bi urte inguru sortu zuten Mugiment, eta, dagoeneko, Gipuzkoako hainbat herritan dago martxan: besteak beste, Donostian, Lezon, Zarautzen, Bergaran, Azpeitian, Hondarribian, Oiartzunen, Pasaian, Beasainen, Elgoibarren eta Aretxabaletan. Asteazkenetik aurrera, Usurbil ere zerrenda horren parte izango da: hamazazpigarrena izango da. Horrela, Gipuzkoako biztanleen ia herenera iristeko aukera sortu da.
Prentsaurrekoa egin dute gaur Potxoenean, zerbitzu hau martxan jartzeko lanetan aritu diren hainbat lagunekin: Beñat Larrañaga Usurbilgo kirol zinegotzia, Malen Ruiz de Azua Mugiment-en idazkaritza teknikoko ordezkaria, Arantxa Uranga Osasun Publikoko Osasun Sustapeneko teknikaria, Iñaki Iturrioz Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkaria, Mari Jose Goñi ESI Donostialdeako erreferentea proiekturako, eta Irati Ibarbia orientatzailea.
Funtzionamendua oso sinplea da. Osasun etxeko profesionalei iruditzen bazaie pazienteari kirola edo jarduera fisikoa egitea komeni zaiola, horixe gomendatuko diote, eta aholkulari horrengana bideratuko dute: kirol errezeta agiria beteko du, eta derrigor eraman beharko du pazienteak orientatzailearekin izango duen lehenengo kontsultara. Hark, pazientearen bizi-ohiturak kontuan izanda, zein ariketa eta zein maiztasunekin egin ditzakeen aholkatu eta pauta batzuk jarriko dizkio, eta jarraipena egingo du. Lau asterako plan bat definituko du aholkulariak: epe hori pasatuta, harekin bildu, eta tarte horretan izandako kezkak edo eragozpenak elkarbanatuko dituzte. Horiei nola aurre egin ebatzi ostean, hurrengo hilabeteetan zein irizpide jarraitu gomendatuko dio aholkulariak.
Bizitza aktiboa izateko ohiturak herritarren egunerokoaren parte izatea da helburua: hau da, sedentarismoa alde batera uztea, kirolak eta jarduera fisikoak pertsonen buru-ongizatean zein fisikoan dituzten onurak kontuan hartuta. Herritar guztiek izango dute Mugiment aholkularitza zerbitzurako sarbidea, eta doakoa izango da. Herrian kirola egiteko aukera guztien berri du orientatzaileak, Irati Ibarbiak, eta horrek erraztuko du paziente bakoitzari ondoen datorkion kirola zein den esan ahal izatea. Zenbait herritarrek beste batzuek baino errazagoa dute kirola edo ariketa fisikoa egitea: proiektu honek, bereziki, zailtasunak dituzten herritarrei lagundu nahi die. Izan ere, proiektu honen sustatzaileen ustez, pertsona ez aktiboa izatea ez da norberak bere kasa hartzen duen erabakia: testuinguruak baldintzatzen ditu ez aktibo bihurtzeraino.
Mugiment zerbitzua udal-sail desberdinen arteko lankidetzaren ondorioz eskaintzen da: kirolak, gizarte zerbitzuak, osasuna eta hezkuntza, besteak beste. Batetik, baliabideak modu eraginkorrean kudeatzea ahalbidetzen du horrek, eta, bestetik, pazientea osotasunean hartu, eta azterketa bat egitea bere osasunaren mugatzaile eta haren baldintza sozialak kontuan harturik. Beñat Larrañaga Usurbilgo Udaleko kirol zinegotziak nabarmendu duenez, ongizartea-n sakontzeko modu bat da Mugiment zerbitzua: hau da, usurbildar guztiak, haur, gazte zein adineko, ondo eta duintasunez bizitzea erraztuko du.
Suspertu bonoa
Orientatzaileak emango dio Suspertu bonoa pazienteari, ordainpekoak diren kiroldegiko ikastaro, tailer edo klubetako entrenamenduetarako. Aholkulariak gomendatutako jarduera ondo datorkion frogatzeko aukera emango dio bonoak pazienteari. Bono horrekin, izan ere, doan erabili ahal izango ditu kirol instalazioak, epe batean: hori amaitzean, jarraitu nahi izanez gero, bere kabuz izena eman eta ordaindu beharko du desio duen hori.
Irati Ibarbia asteazkenero izango da Usurbilen:
- 09:00etatik 11:00etara, kiroldegian.
- 11:00etatik 13:00etara, anbulatorioan.
Astean lau orduko zerbitzua izango da, beraz. Dena den, denborarekin, zerbitzuaren ordu kopurua handitu daitekeela aurreikusten du Usurbilgo Udalak. Lehenengo kontsultak aurrez aurre izango dira: aholkularitza kontrolatuagoa izango da hasieran, eta, gero, telefono bidezko jarraipena egingo da. Informazio gehiago nahi izanez gero, helbide honetara idatzi: suspertu.usurbil@gmail.com.