Publicador de contenidos

'Kale Irekiak' prozesuaren proposamenak lantzen ari da Udala

Prozesutik irtengo den Ekintza Planeko hainbat ekimen burutzeko, Udalak 40.000 euroko diru partida gorde du.

20·01·2017


Legegintzaldian osatuko den Hiri Antolamentuko Plan Orokorraren (HAPO) baitan, Usurbilgo Udalak 'Kale Irekiak' mugikortasun plana martxan jarri zuen duela hilabete batzuk. Irailaren 28tik azaroaren 2ra arte luzatu zen prozesu partehartzaile zabal eta emankor baten ondoren, bertatik jasotako informazio guztia antolatu eta ondorioak publiko egingo ditu datozen hilabeteetan. Bertatik jasotako hainbat ekimen burutzeko, Usurbilgo udalak 40.000 euroko diru partida gorde du, eta herritarrak izango dira zeintzuk ekintza egingo diren erabakiko dutenak:

Egunotan banatu da etxe guztietan espazio publikoaren berrantolaketaren laburpen aldizkaria. Bertan, hilabete eta erdian jarraitutako metodologia azaldu eta aurrerantzean jarraituko diren pausoak zehazten dira. Izan ere, prozesu honetarako herriko kolektibo gehienek eta kalearen erabiltzaile nagusiak diren haurrek eta emakumeek prozesuan parte hartzea bilatu du Udalak.

207 haurren laguntza 

"Jolas eremu bezala erabiltzen dute kalea, batzuek, eta, hein handi batean, lan erreproduktiboaren arduradun bezala, besteek. Hori dela eta, helduei zuzendutako saioez gain, Haurren astea gauzatu dugu Udarregi Ikastolarekin eta Aginagako Eskola Txikiarekin elkarlanean", azaldu dute udal ordezkariek.Saio horietan 207 haurrek lan egin dute, eta oso proposamen interesgarriak egin dituztela adierazi dute udaletik. Bestalde, emakumeei zuzendutako saio berezi bi aurrera eraman dira; lan saioa, bata, eta kale ibilaldi-ekintza, bestea.

Gainera, prozesuarekin ahalegin berezia egin da Kaxkoko auzotarrek ez ezik, gainontzeko auzoetakoek ere parte hartzeko. Hori erraztu asmoz, lan saioak Usurbilgo erdigunean, Zubietan eta Aginagan burutu dira; eta, aipatzekoa da bertaratutako 67 herritarren lanerako prestutasuna.

Plan zuzentzailea eta ekintza plana

Hurrengo hilabeteetan diseinu lana bukatuko da, eta, orduan, parte hartzeko azken saioa egingo da, nahiz eta oraindik ez den zehaztu eguna. Saio horretan, herritarrei Plan zuzentzailea eta honen ekintza plana aurkeztuko zaie. Une horretatik aurrera, udalak aktuazioak egiteari ekingo dio, beti ere udal aurrekontuek ahalbidetzen duten neurrian eta parte hartzeko saioetan ondorioztatutako lehentasunak errespetatuz. Hasteko, 2017ko udal-aurrekontuan, 40.000 euroko aurrekontu-sail bat gordeko da ekintza planean jasotako lehenengo jarduerak gauzatzeko.

ALDIZKARIA ONLINE IRAKURTZEKO: /documents/83434/0/kale+irekiak_laburpena+aldizkaria.pdf/a01577c9-a006-4b8e-935a-70436746aa17