Web edukia bistaratu

Usurbil 0.0

Hemen aurkezten den Usurbil 0.0 hondakinen prebentzio eta kudeaketa programa ibilbide luze baten emaitza da. Programa honetara iritsi aurretik, urteetako hausnarketa eta jarduna egin du Usurbilgo herriak. Hortaz, programa hau beste urrats bat da ibilbide luze batean.

Usurbil 0.0 hondakinen prebentzio eta kudeaketa programa ez da hondakinen kudeaketa plan bat. 6.200 biztanleko udalerria izaki, ahalmen tekniko-ekonomikoa mugatua du Usurbilek. Alabaina, txikitasunetik abiatuta, eta azken urteetako % 83ko gaikako bilketak adierazten duen herriko hondakinen ezagutzan oinarrituta, datozen 6 urteetarako Usurbilgo bide-orria izateko helburua du programak.

Hondakinen kudeaketan 0a da sarritan erreferentzia eta helburua. Gure buruarekin zorrotzak izan nahirik, bat ez, bi zero jarri dizkiogu hemen proposatzen dugun ereduari. Izan ere, behin % 83ko gaikako bilketa lortuz gero, ez dugu nahikotzat jotzen bilketako emaitza on hori. Bikaintasuna nahi dugu hondakinen kudeaketako ziklo osoan. Eta, gainera, planteamendu errealista eta egingarria mahai gainean jarrita lortu nahi dugu bikaintasuna.

Hauek dira programa honek lorgarritzat dituen zeroak:

  • 0 hondakin birziklagarri gaika bildu gabe.
  • Ez dadila birziklagarria den ezer ondo jaso gabe gelditu.
  • 0 hondakin birziklagarri aprobetxatu gabe.
  • Ez dadila xahutu materialki birziklagarria den ezer.
  • 0 hondakin biodegradagarri zabortegian.
  • 0 hondakin desmaterializatu edo erraustu.
  • 0 hondakin ekonomia zirkularretik at.
  • 0 defizit zerbitzuan

Xehetasun guztiak PDF dokumentu honetan aurkituko dituzu:

Dokumentua eskuragarri dago gazteleraz ere:

 

Herritarren lehentasunak zehazteko inkesta