Web edukia bistaratu

Kokapena

Mendizorrotz eta Andatza mendien artean, Oria ibaiak zeharkatzen duen ibarrean dago kokatuta Usurbil; itsasotik oso hurbil eta Donostiatik 10 km-ra. Ibaiaz behera jarraitzen badugu, berehala Orioraino iritsiko gara, eta han itsasoarekin egingo dugu topo. Gora hartuta, berriz, Lasarte dugu, hirigune berri eta handia.
Ibaiaren bi aldeetara banatzen dira herriko auzoak, eta bere ertzetan dauden erriberetan nekazaritza lurrekin batera industriaguneak sortu dira azken urteotan.

Industrian, batez ere, eta nekazaritzan lan eginez bizi da herriko populazioa. Euskal hiztun kopurua deigarria gerta liteke bisitarientzat, inguruan Donostia eta Lasarte bezalako hirigune handiak izanda, %80-ra iristen baita euskaraz hitz egiten dakitenen portzentaia. Hain zuzen, euskal tradizioetan eta kulturan oso errotuta dagoen herria dugu Usurbil. Urtean zehar hainbat eta hainbat agerkari eta ospakizun antolatzen dira, gure kultura eta hizkuntza suspertu eta landu nahian.

 

Oria ibaia, herriaren ardatz geografiko eta ekonomikoa izan da betidanik. Donostiaren gertutasunak ere izan du eragina herriaren garapenean eta harremanetan, azken mende honetan batik bat. Gaur egun, neurri haundi batean, bere jarduera guztiak baldintzatzen ditu.

Hala ere, bi mendiren babesean (Andatza eta Mendizorrotz-Bordatxo) eta ibai erribera emankorretan hazita, 5.600 biztanle inguru dituen herri honek bere bizitza eta izaera garatzeko ahaleginak egiten ditu, ondoko hiri erraldoiaren arnasetik bereiztuz.