Albisteak

Atzealdea

Zumarte handitzeko lanak esleitzeko lehiaketa abiatu du udalak

Zumarte Musika Eskola berritzeko eta handitzeko proiektuaren gainean, bi erabaki garrantzitsu hartu zituen atzo arratsaldean udalbatzak, ez ohiko bilkuran: batetik, exekuzio-proiektua onartu zen, eta, bestetik, obrak esleitzeko prozesuaren baldintzei argi berdea eman zitzaien. Bi erabakiak aho batez onartu ziren. Hala, apirilaren amaieran esleitu daiteke obra-kontratua.

2018·03·06


Atzo arratsaldean ez ohiko bilkura egin zuen udalbatzak, eta Zumarte Musika Eskolaren gainean bi erabaki garrantzitsu hartu zituen: alde batetik, Zumarte birgaitu eta handitzeko exekuzio-proiektua onartu zuten, eta, beste alde batetik, obra-kontratua esleitzeko kontratazio-espedienteari argi berdea eman zioten. Bi erabakiak aho batez onartu ziren.

Exekuzio-proiektuaren alderdirik azpimarragarrienak nabarmendu zituen Xabier Arregi alkateak. Lehenik eta behin, alkateak nabarmendu zuen egungo eraikina birgaitzea, hots, berregokitzea, hobetsi zela, eraikina bota eta berria egin ordez. Edonola ere, ikuspegi ekologikoa landu da, eta proiektuaren oinarrian dago. Halaber, exekuzio-proiektua elkarlan-prozesu emankor baten emaitza izan da, haren arabera: udal teknikariak, proiektuaren egileak eta Zumarteren erabiltzaileak eskuz esku aritu dira lanean. “Hasieratik beren beharrak, iritziak, proposamenak hartu dira aintzat. Proiektuaren diseinuan, horrenbestez, denbora asko behar izan da, baina hori inbertsio bat da gerora begira, bermatu egingo baitu erabilera egokia”. Halaber, elkarlan-dinamika horretan Orbeldi Dantza taldeak ere parte hartu dutela gogorarazi zuen alkateak, izan ere, Zumarteren eraikin berrituan entseguetarako tokia izango baitute. “Borondate ona egon da denen aldetik proiektua aurrera eramateko. Hasierako helburua bete da, eta guztientzako dago tokia, bai musika-eskolarako, eta bai dantza talderako. Mimo handiz egin da lana”. Arregiren esanetan, zehaztasun maila handia du exekuzio-proiektuak eta berme handia da hori, oinarri sendoa baita gerora begira. Hala, proiektuak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren onespena jaso du.

Lanek, urtebeteko iraupena

Exekuzio-proiektua onartzeaz gainera, obra-kontratua esleitzeko espedientea ere onartu zen. Xabier Arregi alkateak eman zituen zehaztasunak. Horrenbestez, prozedura irekia abiatu da, eta pleguetan zehaztu diren baldintza guztiak eta kaudimen ekonomia duten enpresek dute prozesuan parte hartzeko aukera. Obren iraupena urtebetekoa izatea zehaztu da, eta, ondorioz, abuztuan lan egin beharko dute. Halaber, obren kostua, gehienez ere, bi milioikoa izango da, BEZa barne. Alkateak nabarmendu duenez, hainbat klausula sozial txertatu dituzte pleguetan, besteak beste, enpleguaren kalitatea bermatu ahal izateko. Hala, kontratu egonkorrak egin beharko dituzte enpresek eta, gutxienez, sektoreko hitzarmen kolektiboa ezarri beharko diete langileei. Langileen lan baldintzak hobetzeak puntuazioa igotzea dakar.

Bestalde, geotermiaren eta egurraren lanketa egiteko, lan horiek eremu horretan espezializatutako enpresei azpikontratu beharko zaizkie.

Orain obra-kontraturako espedientea Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 29 eguneko epea dago proposamenak aurkezteko. Hala, apirilaren bukaerarako lanak esleituta izatea aurreikusten du udalak.