Albisteak

Atzealdea

Zubietako ur zikinen ponpalekua martxan dago dagoeneko

Errioaren berreskuratze lanetan aurrerapauso handia dela nabarmendu dute Usurbilgo udal ordezkariek.

2017·04·01


Zubietako ur zikin gehienak behar den moduan batu eta Loiolako araztegira bideratuko dira hemendik aurrera, aipatutako auzoan ur-ponpaleku berria eraiki ostean. Gauzak horrela, Oria ibaiaren berreskuratze lanetan aurrerapausoa ematen jarraituko dute erakunde ezberdinek.

Izan ere, ponpaleku berriarekin, Zubietako ur-zikin gehienak Usurbilgo kolektore nagusira bideratuko dira, bertatik Loiolako araztegira arte joan daitezen. Modu horretan, Usurbilgo Udalaren aspaldiko eskaera burutu egin da.

Obrak, bi fasetan

“Aurrerapauso handia dela deritzogu”, adierazi du Xabier Arregi Usurbilgo alkateak, “izan ere, gure herriko ur-zikin gehienak Loiolako araztegira bideratzea lortzen ari gara, eta hori pentsaezina egiten zitzaigun duela urte batzuk. Dagoeneko, Aginaga auzoa soilik geratzen zaigu bideratzeko, eta horretan gogor ari gara”.

Obra horiek Añarbeko Urak-ek egin ditu, eta 307.300 euro inguruko aurrekontua izan dute. Bi fasetan garatu da lana, eta lan horien emaitza da errio ondoan dagoen zerrategi alboko saneamendu estazioa. Landa eremu batean dagoenez, Usurbilgo Udalak, bere aldetik, kanpoko itxura zaintzeko eskatu du. Eskaera horri kasu eginez, egurrezko kanpo-egitura izango du estazioak.