Albisteak

Atzealdea

Zubietako Kaskoko Energia Kontsumoaren diagnosia burutu du Usurbilgo Lanbide Eskolak

Energia kontsumoaren diagnosia garatzeko etxez-etxeko eta jardueraz-jarduerako bisita teknikoak burutu dira.

2017·06·29


Jada hilabete batzuk igaro dira Zubietako energia kontsumoaren diagnosia abian jarri zenetik. Diagnosi hau Zubietako kaskora mugatu da, biztanle gehien biltzen dituen eremua eta era berean zenbait jarduera nabarmen dituen gunea bait da. Hain zuzen ere 112 etxebizitzek eta 8 jarduerek osatzen dute kaskoa, gehi Donostiako eta Usurbilgo Udalek eskaintzen dituzten zerbitzuek ere, argiteria publikoa nagusiki.

Energia kontsumoaren diagnosia garatzeko etxez-etxeko eta jardueraz-jarduerako bisita teknikoak burutu dira, non fakturazio energetikoaren (gasa, elektrizitatea eta egurra kontsumoa) analisia landu da, bai eta etxebizitza sektorearen kasuan instalakuntzen eta ohituren diagnosia ere: argiteria, leihoak eta isolamendua, etxetresnak, etab.

Bestalde, bai jardueretan eta baita etxebizitzetan gaur egun energia berriztagarrien bitarteko energia sorkuntza ere aztertu da, zenbat energia ekoizten den Zubietan ezagutzeko asmoz. Datu honek bertakoen subiranotasuna vs. menpekotasuna maila adierazteko baliagarria da.

Diagnosiak ez du une honetan uraren kontsumoa ezta mugikortasuna kontuan eduki, lehendabizikoaren kasuan hobekuntza teknikoak burutzeko azterketa bat burutzen ari bait dira Donostiako eta Usurbilgo Udalak eta bigarrenaren kasuan eremua oso mugatua zenez erregaien kontsumoaren inpaktua non gertatzen den adierazteko zalantzak sortzen bait dira.

1. fase honi dagokion diagnosiaren emaitzak txosten batean islatuko dira eta laburpen modura, infografia tankerako irudi batean bildu dira guztiak. Hauek herritarrei banatuko zaizkie beraiekin garatu den lanketa honen berri izan dezaten eta bide batez beraien energia kontsumo-ohituren ezagutza ere plazaratzeko.

Usurbilgo Lanbide Eskolako irakasleek eta ikasleak burutu dute energia diagnosiaren atala hau, Zubietako Herri Batzarraren laguntzarekin eta aholkulari energetikoaren koordinazioarekin. Udal zerbitzuen datu energetikoak Donostiako (eta Usurbilgo udal teknikariak hornitu dituzte.

Hainbat ekintza burutzeko aukerak aurreikusi dira Planaren fase honetan: eraginkortasunaren inguruko tailerrak, fakturazio eta kontratazio energetikoa lantzeko tailerrak edota inbertsio baxua eskatuko luketen neurriak abian jartzea (LED argiteria adibidez).

Energiaren Planaren 2. Faseari emango zaio forma datozen egunotan, hain zuzen ere Zubietan energia berriztagarriek duten potentzialaren azterketa izango da fase honen muina.