Eduki publikatzailea
Atzealdea

Zubietako Herri Batzarra hautatzeko hauteskundeak deitu dituzte Usurbil eta Donostiako udalek

Maiatzaren 26an, udal, foru eta Europako hauteskundeak izateaz gainera, Zubietako Herri Batzarra aukeratzeko hauteskundeak izango dituzte zubietarrek. Hain justu, gaur goizean egin dute hauteskunde-deialdia Donostia eta Usurbilgo udalek. Apirilaren 30etik maiatzaren 7ra bitarte izango da hautagaiak aurkezteko epea.

2019·04·03


Maiatzaren 26an lau hautetsontzi izango dituzte zubietarrek, izan ere, udal, foru eta Europako hauteskundeez gainera, Zubietako Herri Batzarra osatuko duten kideak hautatu beharko dituzte. Hain justu, gaur goizean egin dute Zubietarako hauteskunde-deialdia Donostia eta Usurbilgo udalek. Honatx, beraz, hauteskunde deialdi honetan kontuan hartu beharrekoak:

ZER HAUTATZEN DA?

Zubietako Herri Batzarreko 6 kide hautatuko dira: 3 donostiarrak eta beste 3ak usurbildarrak, guztiak Zubietan helbideratuak.

ZENTZUK DIRA BATZARRAREN FUNTZIOAK?

  1. Zubietako arazo zehatzei buruzko informazioa luzatzea Donostiako eta Usurbilgo Udalei.

  2. Udal Zerbitzuak aholkatzea beraien gain jartzen dituzten gaietan.

  3. Donostiako eta Usurbilgo udaletan, bai elkarrekin bai banandurik, aztertuak izango diren proposamen zehatzak egitea.

  4. Azterketa eta proiektuei buruz Udalek erabakiko dituzten akordioak beteak izan direla ziurtatzea.

  5. Udalek Batzarrari eskuratuko dizkieten fondoak administratzea eta haien kontu zuzena ematea, alegia, Batzarraren eta auzoko zerbitzu publikoaren mantenimendurako eta bere gain jartzen dituzten ekintza eta obra txikietarako fondoak administratzea.

  6. Donostiako eta Usurbilgo Udalek bere gain jartzen dituzten beste edozein ahalmen.

NOR AURKEZTU DAITEKE?

Edozein hautesle izan daiteke hautagai, zein bere aldean. Hautagai izateko beren nahia idatziz jakinarazi behar diote dagokion Udalari, eta horretarako apirilaren 30etik maiatzaren 7ra arteko epea izango dute.

NOLAKOA IZANGO DA BOTO-TXARTELA ETA NOLA GAUZATUKO DA BOZKETA?

Udal bakoitzak boto-txartel bakarra argitaratuko du. Boto-txartelak aldarrikatutako hautagai guztien zerrenda jasoko du eta hautesleak nahiago dituen bi hautagaiak X batez nabarmenduko ditu. Hautesleek gehien aukeratutako hiru hautagaiak izango dira batzarkideak.

NOIZ ETA NON IZANGO DA BOZKETA?

Bozketa maiatzaren 26an izango da, goizeko 9:00etatik arratsaldeko 20:00etara, Alamandegin.

 

EGUTEGIA

Apirilak 30-Maiatzak 7 (biak barne). Hautagaiak aurkezteko epea. Hautagaiek idatziz jakinaraziko diote beren nahia dagokion Udalari.

Maiatzak 6. Mahaia osatzeko zozketa egingo da.

Maiatzak 9. Hautagaien aldarrikapena.

Maiatzak 20. Aurrez botoa emateko aukera. Usurbilgo Udaleko Idazkaritzan, goizeko 08:00etatik 14:30etara.

Maiatzak 26. Hauteskunde eguna. Goizeko 9:00etatik arratsaldeko 20:00etara, Alamandegi etxean.