Eduki publikatzailea

Atzealdea

Zirimara eskola-kirolean lanean jarduteko bi hezitzaile behar dira

Zirimara eskola-kirolean hezitzaile moduan lanean jarduteko bi lagun behar direla-eta, Udalak, Udarregik eta Noaua!k lan-deialdia zabaldu dute. Lanaldia urriaren 1etik ekainaren 15era bitarte izango da, astean zazpi orduz. Curriculumak irailaren 17a baino lehen bidali behar dira eskolakirola@udarregi.eus helbidera edota Udarregiko idazkaritzan utz daitezke. Erabakia irailaren 21ean emango da ezagutzera.

2018·08·29


Usurbilgo eskola-kirolean bi hezitzaile behar dira, eta hori dela-eta lan-eskaintza egin dute Usurbilgo Udalak, Udarregi Ikastolak eta Noaua! Kultur Elkarteak. Zirimara proiektuan jardungo dute beste bost hezitzailerekin batera. Lanaldia urriaren 1etik ekainaren 15era artekoa izango da, eta asteko zazpi orduko kontratua izango dute. Hona hemen deialdiaren xehetasunak:
 

Profilaren ezaugarriak

  • Lanpostuarekin erlazionatutako lan-esperientzia izatea. Zehazki:

    • Gorputz adierazpenaren arloan (dantza, zirkoa, mimika…).

    • Kaleko zein naturako joko-jolasetan.

    • Aisialdiko zuzendari edo/eta hezitzaile moduan.

  • Aisialdiko zuzendari tituluduna edo/eta aisialdiko begirale tituluduna (azken hori bete beharreko ezinbesteko baldintza izango da).

  • Usurbildarra eta euskalduna izatea.

Hautagaiak aukeratzeko balorazio-prozesua

  • Curriculum-ak eskolakirola@udarregi.eus helbidera bidal daitezke edota Udarregiko idazkaritzan utz daitezke, irailaren 17a baino lehen. Curriculumak ondorengo irizpideen arabera baloratuko dituzte:

  • Hezkuntzarekin zerikusia duen formazioa.

    • Jarduera fisikoarekin eta kirolarekin zerikusia duten graduak edo/eta masterrak: 2 puntu.

    • Jarduera fisikoarekin eta kirolarekin zerikusia duten goi-mailako teknikari-titulua edo eta Aisialdiko zuzendari-titulua: puntu 1.

  • Lanpostuarekin erlazionatutako lan-esperientzia (kontratuduna).

    • Heziketa fisikoko irakasle moduan jardundako ikasturte bakoitzeko 6 puntu.

    • Lehen hezkuntzan irakasle moduan jardundako ikasturte bakoitzeko edo aisialdiko zuzendari moduan jardundako hilabete bakoitzeko 4 puntu.

    • Eskola kirolean jardundako ikasturte bakoitzeko edo aisialdi jardueretan (udajolas, udako kanpamenduak…) edo adierazpen motorrarekin erlazionatutako jardueretan lanean aritutako hilabete bakoitzeko 2 puntu.

  • Lanpostuarekin zerikusia duten bestelako jarduerak.

    • Gorputz adierazpen jardueretan edo kalean/naturan egindako joko-jolasetan boluntario moduan izandako hilabete bakoitzeko 0,5 puntu.

    • Udako kanpamenduetan edo aisialdi taldeetan ikasturtean zehar boluntario moduan izandako hilabete bakoitzeko 0,2 puntu.

  • Curriculum guztien artetik bost hoberenak hautatuko dituzte eta irailaren 19an arratsaldeko 17:00an elkarrizketa batera deituko dituzte. Era berean, bost horietatik aukeratuko dira bi hautagaiak, epaimahaiaren ebazpena irailaren 21ean emango da ezagutzera.