Albisteak
Atzealdea

Zahartzaroari begira

2019ko urtarrileko Udalberrin argitaratutako idatzia

2019·01·10


Zahartzea eta bizitzea, biak bat dira. Ez dago bata bestetik bereizterik. Bizi dena zahartu egiten da, eta zahartzen ari dena bizi den seinale. Agerikoa da, bai, baina hala ere esanahi gutxiesgarria hartzen du zahartzeak zenbaitentzat, kaltea edo itsuskeria balitz bezala. Zaharrak izendatzeko ere komeriak izaten ditugu, inor mintzeko beldurrez. “Zaharra naiz eta harro nago” esaten hasi behar ote dugu?

Gure jendartea zahartzen ari da. Dagoeneko biztanleriaren parte handi bat zahartuta daukagu, eta proportzioan gero eta gehiago izango gara, gainera. Ondorioz, gure herri-bizitzan, espazio publikoan, presentzia handia hartu beharko lukete zaharrek. Oker geundeke, bestela. Asmatu behar dugu zahartzaroaren ezaugarriei tokia egiten, herri gisa egokitzen, zerbitzu eta azpiegitura egokiak sortzen, eta, zergatik ez, zahartzaroaren dohainak geure egiten.

Zahartze aktiboaz hitz egiten dugu orain. Nago, ordea, aktibo izate hori zehaztu behar dugula. Aktibo izateko ez dago zertan korrika eta presaka ibili, ez dago zertan gazteen erritmo itogarrira moldatu. Ez da hori bidea. Tipi-tapa ibiltzea, tarra-tarra aritzea, hitz zuhurrak erabiltzea, patxadaz entzutea, eskarmentua erakustea... hori ere bada aktibo izatea. Eta, batez ere, aktibo izatea da behartutako bakardadeari ihes egitea, lagunartean egotea eta gazteagoekin ere bizitzea.

Horregatik, sendo nahi ditugu gure herri-zerbitzuak: jubilatuen etxeak Aginagan, Santuenean eta Artzabalen, eguneko zentroa, etxez etxeko laguntza zerbitzua, asteazkenetako ibilbide osasuntsuak, eguneko arreta zerbitzua, eta abar. Horiei denei ondo eutsi, eta zerbitzu berriak ere martxan jarri nahi ditu Udalak.

Nabarmentzekoak diren bi proiektu sustatuko ditugu aurten. Batetik, Matia Fundazioak, Udalarekin eta Foru-Aldundiarekin elkarlanean, auzune bat eraikiko du Kalezarren, non asistentzia beharra dutenek ingurune goxo eta zaindua izango duten, Europako esperientzia berritzaileen moldeak geurera ekarriz. Bestetik, etxebizitza komunitarioen proiektua diseinatuko dugu, Ugartondon eraikiko dena. Proiektu horren nolakotasunak orain erabakiko dira, gazteen eta zaharren arteko lankidetzan. Bi egitasmo horiek ilusio handiz lantzen ari gara.

Beraz, urte hau egitasmo erakargarriz beteta dator. Ea bide onetik doazen.

Urte berri on guztioi!