Eduki publikatzailea
Atzealdea

Xua, Olatz, Patxi

Abenduko Udalberrin argitaratutako idatzia

2018·11·07


Ufaka dabil hego-haizea bazterrotan. Egunero dugu ikuskizuna: hostoen dantza, zuhaitzen mutazioa, naturaren performance koloretsua. Ohikoa delako, agian behar beste estimatzen ez duguna.

Hegotik dator haizea, baina ez da haizea hegotik datorren bakarra. Hiru herrikideren oihu mingarria ere hor da.

Iberiar penintsularen geografian, gure hego-ekialdean dago Picassent, 600 km-ra, Herrialde Katalanetan, Valentziako probintzian. “Han zaudete” idaztera nindoan, baina ez, han zaituztete. Ama-alabak elkarrekin. Aita, kartzela berean bai, baina aparteko moduluan. Tartean, ezin konta ahala atetzar, sarraila, giltzarrapo eta zaintzaile. Astegunak elkarren antzeko dira Picassenten. Ohikotasun zanpatzailea dute astegunek. Dena da arau. Dena da zurrun. Asteburuan, behintzat, gertukoenen bisitak izaten dira, eta haiekin berotasun pizgarria.

Xua, senideen bisitekin aukera izango duzu egunez kalera joateko, eta beste mundu bat badela ikusteko. Beharbada ezagutuko dituzu Almussafes-eko jolas parkea, Albuferako urmaela eta hango hegaztien hegaldi eta murgiltze jostariak, hiriburua ere bisitatua izango duzu. Ilunabarrarekin, zure amaren altzo goxora eramango zaituzte. Ziega, batzuetan, babesleku ere bada.

Olatz, amen moduluan egokitu zaizu, Izar eta Sara Majarenas izan zireneko toki berean. Kartzelan preso, eme eta ama. Ez da erraz eramatekoa. Xuaren arnasa izango duzu hauspo, beste amen eta umeen konpainia, babes, eta Patxiren gertutasuna, indar.

Patxi, hain gertu dituzu kuttunak, eta hain aparte. Ez, distantzia ez da beti metrotan neurtzen, eta ez da zuzeneko biderik modulutik modulura. Baina, askok uste dutenaren kontra, paretek ezin dute banandu bereizezina dena.

Bertan da neguko solstizioa. Ospakizunen aroa gainean dugu. Ordurako ipar-haizea ere ibiliko da Euskal Herrian, eta aisa eramango du zuengana gure barruko mezu sentitua: gurekin nahi zaituztegu, libre.