Eduki publikatzailea
Atzealdea

Xabier Arregi: “Mundu guztian eta mundu guztiak ontzat eta eredugarritzat jotzen duena, GHK-k debekatu egiten du”

Usurbilgo Udalak garatu nahi duen herri-konpostaren proiektua kudeaketa jasangarrian, ekonomia zirkularrean eta tokiko garapenean oinarritutakoa bada ere, GHK-k ez du onartu nahi. GHK-rentzat ez da egoki Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko 2109-2030 Planean aurreikusi gabeko azpiegitura handietatik aparte tratatzea hondakinak. Horregatik, Xabier Arregi alkateak salatu du GHK-k, nola edo hala, hondakin guztiak beren eskuetatik pasatzea nahi duela, “beraiek nahi erara kudea ditzaten”. Edonola ere, Usurbilgo Udalak herri-konposta sortzeko egitasmoari eutsi egiten dio, eta ingurumen-baimenak tramitatzen jarraituko du.

2019·05·03


Usurbilek bide luzea egin du organikoaren kudeaketan. Gaur egun 700 familiek baino gehiagok kudeatzen dute euren organikoa auzokonposta eta autokonpostaren bidez. Kopurua esanguratsua izan arren, Usurbilgo Udalak ez du horretan geratu nahi: Usurbil 0.0 programaren helburuetako bat bio-hondakin guztia herrian bertan kudeatzea eta erabiltzea da, eta, hain zuzen, helburu horrekin sortu du herri-konposta egitasmoa.

Proiektuaren funtsa

Behemendi izango da hondakinak kudeatuko dituen erakunde publikoa. Hala, Udalak Behemendiri emango dio bildutako organikoa. Bestetik, Behemendi eta baserritarren artean kontratu bat egingo da, eta baserritarrek Behemendiri lur zati bat utziko diote azpiegitura jartzeko. Baserritarra arduratuko da konpostatze-prozesua zaintzeaz eta kontrolatzeaz, eta sortzen den konposta eurentzat izango da. Hala, baserritarrek organikoa kudeatzegatik diru saria izango dute. Beraz, dirua herritik kanpo eraman ordez, herrian bertan geratuko da. “Baserritarrari 70 euro/tonako ordainduko zaizkio. Beste diru-iturri bat, beraz, baserritarrarentzat. Urtean 4.000 € inguru izango direla kalkulatzen dugu”, dio Ibon Goikoetxea Ingurumen teknikariak. Une honetan Udala 138 €/Tn-ko ordaintzen dizkio GHK-ri, organikoa kudeatzeagatik. “Beraz, nabarmenak dira onurak”. Gainera, Ibon Goikoetxeak nabarmendu du Usurbilen biltzen den organikoaren kalitate ona. Berriki aztertu du Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak bio-hondakinaren kalitatea eta, hark emandako datuaren arabera, inpropioen maila % 1,23koa baino ez da.

Xabier Arregi Usurbilgo alkatearen hitzetan, hondakinen kudeaketa jasangarrian, ekonomia zirkularrean eta garapen lokalean oinarritutako proiektua da. Gainera, Espainiako Ingurumen Ministerioaren dirulaguntza du egitasmoak, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailari atxikitako Ihobe Sozietate Publikoak ere begi onez ikusi du, eta San Marko mankomunitateak berak idatziz jakinarazi du oso egokitzat duela proiektua. “Dena du alde. Tira, den-dena ez. Bada salbuespen bat: Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak ez du onartu nahi”, zehaztu du Arregik.

San Marko eta GHK ez datoz bat

Denbora luzea darama Usurbilgo Udala proiektu honetan lanean, eta udalaz gaindiko administrazioak trabak bata bestearen atzetik baino ez dira jartzen ari. Proiektua martxan jartzeko, Jaurlaritzako Ingurumen Sailaren baimena baino ez du falta. Jaurlaritzak proiektuari oniritzia eman aurretik, ordea, San Markoren zein GHKren “baimena” beharrezkoa zela esan zioten Udalari, hots, “hondakinen jabeen baimena”. Ondorioz, bi erakundeetan egin du kontsulta Udalak, eta bietatik jasotako erantzunak kontrajarriak izan dira. Izan ere, proiektuak San Markoren oniritzia jaso duen bitartean, GHK-k ukatu egin dio baimena. Hitzez hitz, hauxe erantzun zion San Markok Usurbilgo Udalari, otsailaren 18an igorritako erantzunean: “...baserrigintzan helburu duen erabilera ekonomia zirkularraren eredu gisa izan daitekeela kontuan hartuta, Mankomunitate honetako Zuzendaritzatik proiektua oso egokia dela uste dugu”.

Alta, GHK-k ez dio baimenik eman nahi Usurbilgo Udalari herri-konpostaren proiektua gauzatzeko, haren esanetan, “ez baita udal eskumenekoa”. GHK-k bidalitako erantzunean gogorarazten du 2007an Kontsortzioari hondakin orokorrak tratatzeko zerbitzuaren eskumena esleitu zitzaiola, eta horixe bera berretsi zela bai 2002-2016ko Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Orokorrean zein 2019-2030eko planean ere. “Beraz, aipatu dugun proiektuak hautsi egiten du plan integral horretan aurreikusten den kudeaketa eredua eta foru araua urratzen du”. Kontsortzioaren irudiko, Usurbilgo Udalak bio-hondakinak kudeatzeko egin duen proiektuko azpiegitura “goi-horniduraren sareko azpiegitura” da, eta “ezin da foru planifikazioan aurreikusten ez den hondakin azpiegiturarik gauzatu”. “Usurbilgo udalerriaren esparruan sortzen diren hiri-hondakinen tratamenduari dagokion edozein erabaki Gipuzkoako Kontsortzioak baino ez du hartu ahal izango”, gaineratzen du idatziak.

Hain zuzen, horixe bera salatu du Xabier Arregi alkateak: “Nola edo hala, hondakin guztiak beren eskuetatik pasatzea nahi dute, beraiek nahi erara kudea ditzaten. Horra zein den arazoa. Mundu guztian eta mundu guztiak ontzat eta eredugarritzat jotzen duena, GHK-k debekatu egiten du. GHK-k ez du inola ere ametitzen hondakinen kudeaketa modu egokiago, arduratsuago eta probetxugarriagoan egin dezagun. Horregatik, errotik moztu nahi ditu horrelako ekimenak”. Horregatik, Arregiren irudiko, garbi dago Gipuzkoan gertatzen ari den ereduen talka dela eta GHK-ren ereduak ardatz bat eta bakarra duela: errauste-planta. “Ezin da ulertu bestela”.

Egitasmoari eutsi egingo dio Udalak

Horren aurrean, eta etorkizunari begira, Usurbilgo Udalak herri konposta sortzeko egitasmoari eutsi egiten dio eta, horrenbestez, nahiz eta GHK-ren erantzun hori izan mahai gainean, Eusko Jaurlaritzatik lortu beharreko ingurumen baimenak tramitatzen jarraituko du. Aldi berean, egitasmoa begi onez ikusi duten gainontzeko erakundeei (Espainiako Ingurumen Ministerioari eta Ihoberi) jakinaraziko zaie momentuz jasotako diru-laguntzak ezin izango direla exekutatu, aipatu arrazoiengatik.

Testuinguru honetan, esan behar da dagoeneko argitaratu direla Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko 2109-2030 Plan Berria eta EAEko Auzo Konpostaren Dekretua. Usurbilgo Udalaren ustez, bi dokumentu horiek “zentzugabeko trabak” jartzen dizkiote hondakinen gestio lokalari. Udala aztertzen ari da bi erabaki horiek judizialki errekurritzeko aukera, uste baitu ez direla errespetatzen Usurbilen eta usurbildarron eskubideak eta Europak markatutako jarraibideen kontra doazela.