Albisteak

Atzealdea

Xabier Arregi: “Lurralde Antolaketaren gaian, gure helburua etorkizuneko Usurbil ez zapuztea da, orain arteko baloreei eutsiz.”

Usurbilgo Udalarentzat Lurralde Antolaketaren afera izango da legegintzaldi honetako gai garrantzitsuenetako bat. Gaur gaurkoz aurkeztutako proposamenaren arabera, Usurbilgo udalerria gainditzen duen ekimen honek eragin handia izango du herria ulertzeko eta bizitzeko moduan.

2015·11·01


Xabier Arregi, Usurbilgo alkatearen iritziz, “alegazio epea amaitzear dagoenez, eta Lurralde Antolaketaren afera honek duen eragina ikusita, Udalak erabateko garrantzia eman nahi dio gaiari.”  Alkateak iragarri duenez, udaleko hirigintza saila gaiarekin buru-belarri ari da lanean, “eta gure lana, beste hainbat eragile eta herritarrekin, plan honen aurkako alegazioak prestatzea izango da.”

            Lurralde Antolaketaren plan honetan, Donostialdean, besteak beste, “oso ekimen erasokorrak aurreikusten dira Zubietarentzat” Arregiren ustez. Adibidez, “1.000 etxebizitzatik gorako aktuazio bat planteatzen da hipodromoaren atzean, poligono industrial erraldoi bat kartzela eta erraustegiarekin eta lau karrileko errepide bat Zubietan barrena.”

            Alkatearen iritziz, “gure helburua, kanpo-eragileek eskualdeari eskaini dizkioten proposamen horiekin etorkizuneko Usurbil ez zapuztea da, bere orain arteko baloreei eutsiz.”

 

            Azaroaren 4an, mahai ingurua

 

            Lurralde antolaketaren aferak duen garrantzia ikusirik, eta herritarrei eta eskualdeko hainbat eragileri honen eragina azaldu eta alegazioen lanketan ikuspegi osoa izateko, Usurbilgo Udalak mahai-ingurua antolatu du Azaroaren 4an.

            Mahai-inguruan, Maribi Joaristi, Oiartzungo Udaleko idazkaria izango da, Xabier Arregi Usurbilgo alkatearekin eta Jone Miner Usurbilgo Udaleko Plan Orokorraren erredaktatzailea. Hiru ordezkari hauek, Lurralde Antolaketa Plana zer den, nondik datorren, Usurbili nola eragingo dion eta Udaletik aurkeztuko diren alegazioak azalduko dituzte, besteren artean.

            Mahai-ingurua Pottoenean izango da, 19:00etan.