Albisteak

Atzealdea

Xabier Arregi: “Gure balioak eta ondarea zainduz, etorkizunari begira aritu zen”

Gaixo zegoen JoxAnton Artze, eta gaur goizean hil da, etxean. Euskal kulturak sortzaile handi bat galdu du gaur, ugaria eta askotarikoa izan baita Artzek gure herriari, hizkuntzari, literaturari, kulturari, herrigintzari egin dion ekarpena. Xabier Arregi Usurbilgo alkateak bere pertsona azpimarratu nahi izan du: “Kanpora eta barrura, begiratu erneko pertsona zen. Kanpoan ibilia bai, baina beste ezeren gainetik usurbildarra”. Adiorik ez, JoxAnton.

2018·01·12


Sortzaile handi bat galdu du gaur euskal kulturak. Eta pertsona handi bat Usurbilek. Gaixo zegoen, eta gaur goizean zendu da JoxAnton Artze poeta, idazlea, txalapartaria... Zaila baita Artze hitz bakarrarekin deskribatzea, bere lana eta ekarria izugarri handia izan baita arlo eta eremu ugarietan, izan literaturan izan musikagintzan izan herrigintzan. Egun tristea dudarik gabe gaurkoa, baina Artzek utzitako legatua eta ondarea izugarri handia eta aberatsa da, eta gaur eskerrak eman besterik ez dugu.

Xabier Arregi Usurbilgo alkateak JoxAnton Artze, pertsona gisa, nabarmendu nahi izan du gaurkoan. “Begiratu erneko pertsona zen, kanpora eta barrura. Kanpoan ibilia bai, baina ezeren gainetik usurbildarra. Herrian egon baino, herrian bizi egin da Artze. Herriko gaiekin, euskararekin konprometitua, eragilea”. Herriko memoria bizia izan da, Arregiren esanetan: “Etnografoa ere bada”. Goitizena ere halakoxea aukeratu zuen, Hartzabal, ondo gure herrikoa.

Azken batean, bere unibertsoaren oinarrian, bere herria, Usurbil, baitzegoen. Bere unibertsoa aberatsa eta zabala zen oso. Hainbat iturritatik osatua. Unibertso horrek, ordea, zainak baditu: Usurbilen. Unibertso horrek Usurbilen du lurra. “Joxanek hemen egin ditu bere eguneroko osteratxoak eta mendi-bueltak. Joxanek bere lan poetikoan, iturriak, zuhaitzak, elurra, txoriak.. horiek erabiltzen dituenean, guk usurbildarrok hemengo bazterrak irudikatzen ditugu, egilearekin halako konplizitate puntu batez”. Izan ere, Arregiren irudiko, Artzeren unibertsoa ezagutzeak, gure eguneroko unibertsoa ere zabaltzen du: emozionalki, kulturalki, herritar gisa.

Bestalde, JoxAntonen dimentsio artistikoa ere nabarmendu du Xabier Arregik. Artista handia izan baitzen Artze, berritzailea, eraldatzailea, nola formaz hala mamiz, eta, zentzu horretan, goraipatu egin du Artzeren ausardia eta ikusmira. “Bere garaiko kanonekin apurtu zuen, baina sentsibilitate handia erakutsi zuen gure erraiekin, sustraiekin, ondarearekin”. Izan ere, iragana eta geroa uztartzen jakin zituen Artzek. Bereak dira hitzok: “Iturri zaharretik edaten dut, ur berria edaten, beti berri den ura, betiko iturri zaharretik”. Hain zuzen, horixe bera nabarmendu du Xabier Arregik: “Gure balioak eta ondarea zaintzen zituen, baina etorkizunari begira aritzen zen. Iragana eta etorkizuna josi zituen. Erakutsi ziguten aurrerantz egiteko bidea, garairik gordinetan ere”. Hortxe ditugu: etorkizuneko hitzak eta giltzak. Kontzientzia liriko eta etiko bat.

Ez adiorik, JoxAnton.