Albisteak

Atzealdea

Usurbilgo udalbatzak bat egin du martxoaren 8ko greba feministarekin, aho batez

Atzo arratsaldean egindako udal osoko bilkuran, martxoaren 8aren harira, bi mozio aztertu zituzten. Mugimendu feministak eta gehiengo sindikalak martxoaren 8rako deitu duten greba feministarekin bat egiteko eskatzen zuen EHBilduk aurkeztutako mozioak, eta alderdi politiko guztiek egin zuten bat. Bestetik, udaleko emakume langileek ere greba egitea erabaki zuten, astelehenean egindako batzarrean.

2018·02·28


Datorren ostegunean izango da Emakumeen Nazioarteko Eguna, eta hori dela-eta, bi mozio aztertu ziren atzo arratsaldean egindako ohiko osoko bilkuran. Batetik, martxoaren 8ko greba feministarekin bat egiteko eskatu zion udalbatzari Ehbilduk, eta, aho batez onartu zen. Alderdi politiko guztiek egin zuten bat greba feministarekin. Udaleko emakume langileek ere, euren aldetik, greba egingo dutela erabaki dute, astelehenean egindako batzarrean. Mozioan azpimarratzen denez, Euskal Herriko mugimendu feministak, sindikatuek eta hainbat eragile politikok egin dute bat Emakumeok Planto aldarriarekin, emakumeak mendean hartzen eta zapaltzen dituen sistema kapitalista, arrazista eta hetereopatriarkala salatzeko. Izan ere, sistema honek sexuen araberako lan-banaketa bultzatzen du, eta ezkutatu eta gutxietsi egiten ditu bai feminizatutako ogibideak, bai bizitzaren iraunkortasunarekin eta zaintzarekin lotutako lanak. Mundu mailakoa da martxoaren 8rako deitu den greba feminista.

Sexu-erasoen aurkako aplikazioa

PSEk, bere aldetik, sexu-erasoen aurkako APP bat martxan jartzeko eskatzen zuen mozioa aurkeztu zuen. Hainbat herritan, Durangon kasu, martxan jarri dute aplikazio hori. Aplikazio hori emakumeek indarkeria matxistari aurrea hartzeko neurri gisa pentsatuta dago: sexu-erasoak momentuan bertan salatu ahal izatea ahalbidetzen du. Ehbilduk, bere aldetik, azpimarratu zuen komeni dela aplikazio hori nola funtzionatzen duen aztertzea, behin-betiko erabakia hartu aurretik. Eudelek berak udal guztietara bidali duen zirkularra gogorarazi zuen Alaitz Aizpurua zinegotziak. Zirkularrak dioenez, aplikazio horren funtzionamenduari buruzko informazioa biltzen ari da Eudel, udalerri bakoitzean nola ezarri aztertu ahal izateko. Fermin Orue-Etxeberria PSEko zinegotziak aintzat hartu zuen Ehbilduren ekarpena, eta, horrenbestez, udalbatzak aho batez erabaki zuen, hiru hilabeteko epealdia ematea aplikazio horren gaineko informazioa biltzeko.

Honako lotura hauetan dituzue ikusgai bi mozioak: Emakumeok Planto mozioa eta sexu-erasoen aurkako APP bat sortzeko mozioa

Bestelako deialdiak

Usurbilgo Udaleko Parekidetasun Sailak, bere aldetik, honako ekimen hauek antolatu ditu martxoaren 8rako:

- Martxoaren 9an: Bertso afaria:

* Ordua: 21:00tan.

* Lekua: Artzabalen.

* Bertsolariak: Amaia Agirre, Miren Artetxe eta Eli Pagola. Gai-jartzailea: Ainhoa Agirreazaldegi.

*Tiketen salmenta: Artzabalen, otsailaren 23tik aurrera.

* Antolatzaileak: Bota Punttuba bertso-eskola, Matrakak eta Udala.

- Autodefentsa feministarako ikastaroa:

* Egunak: Martxoaren 16an, 16:00etatik 20:00etara, eta martxoaren 17an, 9:30etatik 13:30etara.

* Lekua: Kiroldegia.

* Bideratzailea: Emagin elkartea.