Eduki publikatzailea
Atzealdea

Usurbilgo udalbatzak aho batez egin du bat greba feministarekin

Gaur arratsaldean Usurbilgo udalbatzak egin duen ohiko bilkuran martxoaren 8rako Euskal Herriko Mugimendu Feministak deitu duen greba feministarekin bat egitea erabaki du. EHBilduk aurkeztu du erakunde adierazpena, eta gainerako alderdien babesa jaso du. Hala, emakumezko hautetsiei eta langileei greba egin ahal izateko erraztasunak ematea erabaki dute eta herritarrei dei egin diete mobilizazioetan parte hartzeko.

2019·02·26


Usurbilgo udalbatzak aho batez onartu du martxoaren 8ko greba feministarekin bat egitea. EHBilduk aurkeztu du gaur arratsaldeko osoko bilkuran greba babesteko erakunde adierazpena, eta bai EAJk, bai PSEk alde bozkatu dute. Hala, udalbatzak erabaki du mugimendu feministak deitutako grebara atxikitzea eta emakumezko hautetsiei eta langileei greba egin ahal izateko erraztasunak ematea. Bestetik, herritarrei dei egiten die mugimendu feministak deitutako mobilizazioetan parte hartzera.

Erakunde adierazpenean nabarmentzen da aurten 24 orduko greba egiteko deia luzatu dela eta bost ardatz dituela oinarri: zaintza, enplegua, pentsionistak, ikasleak eta kontsumoa. “Greba feminista guztion bizitzan eragiten duten esparruetan kokatzen da, soldatapeko zein doako lanetan, kontsumo-ereduan, sexualitatean, arrazakerian, etab”. Horregatik, grebaren bitartez, ardura kolektibotik abiatuta bizitza sostengatzeko itun sozial berri bat eskatzen dio euskal jendarteari, “berdintasun erreala eta eraginkorra” bermatuko duten politika publikoak eskatzearekin batera. “Iaz bezala, aurten ere, zaintza erdigunean kokatzen da, zaintzaren berrantolaketa soziala politika publikoen zeharkako ardatza izan behar delako”.