Albisteak
Atzealdea

Usurbilgo Udalak manifestazioa egingo du ostiralean ‘SOS Usurbil, erraustegia gelditu’ lelopean

Udaletxe aurreko Joxe Martin Sagardia plazatik abiatuko da manifestazioa, 19:00etan. Azaroaren 28ko osoko bilkurak emandako mandatuari jarraiki deitu du manifestaziora: “urgentziazko mozioa” aurkeztu zuen EH Bilduk, egun horretan bertan jarri baitzuten martxan probaldi fasea Zubietako erraustegian.

2019·12·10


Usurbilgo Udalak prentsaurrekoa egin du gaur, ostiralerako, hilaren 13rako, Zubietako erraustegiaren aurka deitu duen manifestazioa aurkezteko: udaletxe aurreko Joxe Martin Sagardia plazatik abiatuko da manifestazioa, 19:00etan, SOS Usurbil, erraustegia gelditu lelopean. Udaletxeko pleno aretoan izan da prentsaurrekoa, hain zuzen ere, azaroaren 28ko osoko bilkurak emandako mandatuari jarraiki deitu duelako manifestaziora: egun horretan jarri zuten martxan probaldi fasea Zubietako erraustegian, eta “urgentziazko mozioa” deitu zuen EH Bilduk, horrek bultzatuta. Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak (EH Bildu) eta EH Bilduko sei zinegotzik parte hartu dute prentsaurrekoan. “Egun horretan deklaratu zuen emergentzia klimatikoa Europako Legebiltzarrak. Gaia serioa eta kezkagarria ez balitz, usurbildarroi inork gustu txarreko broma bat egin digula dirudi. Tamalez, ez da broma: oso kezkatuta gaude, egunero errauste-plantaren tximinietatik ateratzen diren ke-zutabe erraldoiak ikusten ari baikara”, nabarmendu du Beñat Larrañaga zinegotziak.

Urteetan usurbildarrek eta udalak berak erraustegiak herritarren osasunean eta ingurumenean izan ditzakeen arriskuak salatu dituztela gogorarazi du Larrañagak, baita salatzetik harago “erraustegia justifikaziorik gabe uzteko” egindako lana ere: “Usurbildarrok sortzen dugun hondakinen %90 gaika biltzen dugu. Horrek esan nahi du Usurbildik ia ezer ez dela iritsiko Zubietako erraustegira, eta, hala ere, garesti ordainduko dugula eskatu ez dugun eta behar ez dugun azpiegitura hori”.

SOS Usurbil, erraustegia gelditu aukeratu dute manifestaziorako lelo gisa. “Laguntza eta babes eskaera bat da, Gipuzkoako herritarrei zein ingurumenaren zaintzarekiko ardura beren egiten duten gipuzkoar guztiei”, zinegotziaren esanetan. “Ingurumenak kezkatzen gaitu. Osasunak kezkatzen gaitu. Eta osasunaz ari garela, arrisku hutsak aski behar luke arduraren eta prebentzioaren printzipioa aplikatzeko beste ezeren aurretik”, gaineratu du. Errauste-plantaren harira, ingurumenaren zaintzak eta osasunak ez ezik, bestelako gai batzuek ere kezka sortzen diela azaldu du Larrañagak: “Hor dago, batetik, proiektuaren kostu ekonomiko handia, nola eragingo digun udaloi. Eta hor dago, bestetik, Europak etorkizunerako markatzen dituen direktibei entzungor eginez, Gipuzkoako hainbat herritan abiatutako hondakinen tratamendurako bide jasangarriari muzin egitea. Atzerapauso izugarria da”.

Xingola beltza, alkateei gutuna eta Markel Olanorekin bilerara

Azaroaren 28ko osoko bilkuran, manifestaziora deitzeko aginduaz gain, beste batzuk ere jaso zituen udal-gobernuak. Batetik, xingola beltz bat jarri dute udaletxeko balkoian, eta herritarrak gauza bera egitera gonbidatu dituzte. Bestetik, gutun bana bidali die alkateak Gipuzkoako alkate guztiei, Larrañagak azaldu duenez: “Alderdien arteko eztabaida eta logiken gainetik, Zubietako errauste-plantaren gaia euren herrietako udalbatzarretara eramateko eskatu die: itxikeria politikorik gabe, eta herritarren ongizatea oinarritzat hartuz, gai honi buruzko eztabaida bidera dezaten parametro etiko, demokratiko eta ekologikoetan. Erantzukizunez”.

Azaldu duenez, Usurbilek eta Gipuzkoako beste herri batzuek erakutsi dute, “zorionez, badagoela alternatibarik”: “Erakutsi dugu posible dela hondakinak kudeatzea osasuna eta ingurumena aintzat hartuz. Usurbildarrok, gure eguneroko ohituretan aldaketa txiki bat eginda, hondakinen ia %90 gaika biltzen dugu: apenas sortzen dugun errefusik, eta beraz, apenas joango den ezer gure herritik errauste-plantara”. Horrez gain, “errauste-plantak sortutako kezka eta ezinegonaren” berri eman nahi diote Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiari, eta bilera bat eskatu dio alkateak.

Hori guztia dela eta, manifestaziorako deia egiteko baliatu dute prentsaurrekoa. Ostiral honetan, hilaren 13an izango da, 19:00etan, udaletxe aurreko Joxe Martin Sagardia plazatik abiatuta, SOS Usurbil, erraustegia gelditu! lelopean.