Albisteak

Atzealdea

Usurbilgo Udalak eta Garabide elkarteak hitzarmena sinatu dute

Garapen bidean dauden herrietako hizkuntza komunitate minorizatuekin lankidetza bideratzea izango da helburuetariko bat, euskara eta euskal kulturaren garapen esperientzien trukean oinarrituta.

2016·07·17


Usurbilgo Udalak eta Garabide elkarteak hitzarmen berri bat sinatu dute datozen bi urtetarako. Akordio horren ondorioz, Usurbilgo Udalak garapen bidean dauden herrialdeak laguntzeko urtean 6.000 euroko diru partida bideratuko dio Garabideri. Hitzarmen sinadura ekitaldian Xabier Arregi eta Txema Abarrategi izan dira, Usurbilgo Udalaren eta Garabideren izenean, hurrenez hurren.

Diru-laguntza jarduera hauek gauzatzeko jasoko du Garabide elkarteak:

-Munduko hizkuntzen biziberritze proiektuak indartzen laguntzeko jarduerak: modu intentsiboan kitxua, nasa, nahuatl eta kaqchiquel herrienak eta, bigarren mailan, maputxe, aimara, maya yukateko, amazigh eta kurduenak.

Trukean, merezitako aitortza publikoa egiteko konpromisoa ez ezik, Aditu Titulua dela-eta atzerriko ikasleen udazkeneko egonaldia baliatuz, usurbildarrengan hizkuntza minorizatuekiko sentsibilitatea pizteko Udalarekin adostutako ekimenean parte hartzeko konpromisoa hartzen du Garabidek.

Euskal lankidetzaren barruan

Garabide elkarteak urteak daramatza garapenerako euskal lankidetzaren barruan kooperazio ildo berri bat lantzen: garapen-bidean dauden herrietako hizkuntza normalizatzeko egitasmoak sustatzen, honako helburu hauekin:

1.- Garapen bidean dauden herrietako hizkuntza komunitate minorizatuekin lankidetza bideratzea, euskara eta euskal kulturaren garapen esperientzien trukean oinarrituta.

2.- Norabide horretan, munduko Hegoaldeko hizkuntza komunitate minorizatuetako eragileekin lankidetza proiektuak garatzea. Lankidetza proiektu horiek hizkuntzaren, kulturaren eta nortasunaren garapen-alor batzuetan gauzatzen dira, hezkuntzaren alorrean indar berezia jarriz.

3.- Euskararen eta euskal kulturaren garapenean lanean ari diren erakundeek Hegoaldeko hizkuntza komunitate minorizatuekiko lankidetzarako beren esperientzia eskain dezaten sustatzea, horretarako markoa eta bideak eskainiz.