Albisteak

Atzealdea

Usurbilgo Udalak eta Elhuyarrek lankidetza hitzarmena sinatu dute

Akordio horren bitartez, bi eragileak batera arituko dira hizkuntza normalkuntzaren zein zientziaren eta teknologiaren gizarteratzearen aldeko lanean.

2016·06·14


Usurbilgo Udalak eta Elhuyar Fundazioak bien arteko harreman onaren seinale den hitzarmena sinatu dute asteazken honetan Usurbilgo Potxoenea Kultur Etxean. Sinadura-ekitaldi horretan Xabier Arregi Usurbilgo alkateak eta Txema Pitarke de la Torre Elhuyar Fundazioko lehendakariak hartu dute parte, eta biek goraipatu dute lortutako akordioa. Hitzarmen horren bitartez, bi eragileek euskararen normalkuntzaren bidean zein zientziaren eta teknologiaren gizarteratzearen alde modu bateratuan lan egingo dute.

Elkarlan hori garatu asmoz, Elhuyarrek urteko plan bat osatu beharko du eta bertan udalarekin zenbait lankidetza zehaztuko dira, izan itzulpengintzan, aholkularitzan edo bestelako zerbitzuen bidez. Usurbilgo Udalak 10.000 euroko dirulaguntza eskainiko dio. Usurbilgo Udalak “Usurbilen egoitza duen Elhuyar Fundazioak egiten duen lana aitortzen du, eta ahal den neurrian gizartea helburu duten jarduerak lagundu ahal izateko begi onez ikusten du Elhuyar proiektua lagundu ahal izateko hitzarmen hau sinatzea”.