Eduki publikatzailea

Atzealdea

Usurbilgo Udalak eta Elhuyarrek beste bi urtez luzatu dute lankidetza-hitzarmena

Usurbilgo Udalak eta Elhuyarrek beste bi urterako hitzarmena sinatu dute gaur goizean, Elhuyarrek Usurbilen duen egoitzan. Biek ala biek euskararen normalizazioaren alde eta zientzia eta teknologia gizarteratzeko helburuz bat egin dute. Aurtengo lankidetza-hitzarmenaren barruan, Harria Hitz ibilbidea irisgarria egiteko egitasmoa landuko dute.

2018·05·28


Usurbilgo Udalak eta Elhuyar Fundazioak euren arteko lankidetza-hitzarmena beste bi urtez luzatu dute. Gaur goizean izenpetu dute hitzarmena, Elhuyarrek Usurbilen duen egoitzan. Bertan izan dira Xabier Arregi Iparragirre Usurbilgo alkatea, Jose M. Pitarke de La Torre Elhuyar Fundazioko lehendakaria eta CIC nanoGUNEko zuzendari nagusia, eta Leire Cancio Orueta Elhuyarreko zuzendari nagusia.

Hitzarmen horren bitartez, bi eragileek euskararen normalkuntzaren bidean zein zientziaren eta teknologiaren gizarteratzearen alde modu bateratuan lan egingo dute. Hitzarmenak jasotzen duenez, Elhuyarrek urteko plan bat osatu beharko du eta bertan udalarekin zenbait lankidetza bideratuko ditu, izan itzulpengintzan, aholkularitzan edo bestelako zerbitzuen bidez. Usurbilgo Udalak 10.000 euroko diru-laguntza eskainiko dio.

Hain zuzen, lankidetza-hitzarmen horren barruan, aurtengorako lan-ildo bat zehaztua dute bi aldeek. Elhuyarrek ADI-Usurbil teknologia adimenduna garatzen jarraituko du, Harria Hitz ibilbidea irisgarria bihurtzeko helburuz. Modu horretan, edozein mailako ikusmen urritasuna edota ezgaitasun kognitibo edo intelektuala duten bisitariek aukera izango dute ibilbideko azalpen guztiak eta ibilbidea jarraitzeko. Horretarako, besteak beste, bisitaria ibilbidean zehar gidatzeko GPS-rako track bat sortuko du Elhuyarrek. Bi erakundeak lanean ari dira egitasmo hori epe motzean gauzagarri egiteko.