Eduki publikatzailea

Atzealdea

Usurbilgo Udalak abenduaren 3an jai eta 6ean ohi bezala lan egingo du

Abenduaren 6an da Espainiako Konstituzioa onartu zeneko urteurrena, eta egun horretan euskal herritarrek ospatzeko ezer ez dutela iritzita, Usurbilgo Udalak ohi bezala lan egingo du. Haatik, abenduaren 3an, Euskararen Eguna izaki, jai egingo du, eta, ondorioz, ez du udal-zerbitzurik eskainiko.

2018·11·28


Euskararen Eguna eta Konstituzioaren Eguna aste berean egokitzen direnez, badira urte batzuk Usurbilgo Udaleko langileen gehiengoak, egutegi propioaren norabidean, abenduaren 3a jaiegun bihurtu zutela, eta, kontrara, abenduaren 6ean, jaiegun arrotza dela sinetsita eta Espainiako Konstituzioaren urteurrenean ezer ospatzeko ez dugula iritzita, lan egiten dutela. Hala, aurten ere, halaxe egingo du gehiengoak, eta, ondorioz, abenduaren 3an Usurbilgo Udalak ez du zerbitzurik eskainiko, esate baterako, honako hauek: liburutegia, Eguneko Zentroa, Eguneko Arreta, Etxez Etxeko zerbitzua edota taxi-busa. Kiroldegiak jaiegunetan izan ohi duen martxa izango du. Halaber, abenduaren 6ean, egunero bezala lan egingo du.