Albisteak

Atzealdea

Usurbilgo Udala: “Hondakinen errausketa problema etiko eta demokratikoa bilakatu da.”

Espainiako Gobernuak ukatu egin dio Usurbilgo Udalari galdeketa bat egitea, usurbildarrek sortutako hondakinak erraustu nahi dituzten ala ez jakiteko. Erabaki horren aurrean honakoa adierazi du Usurbilgo Udalak:

2016·05·18


  1. Usurbilgo Udalak ez du baimena ukatzen zaion jakinarazpen ofiziala jaso oraindik. Datorren astean jasotzea espero du, baina Espainiako Ministroen Kontseiluak pasa den ostiralean argitaratu zuen albistea, eta beraz, ukoa garbia da.

  2. Ezezkoa jaso aurreko ibilbidea honakoa izan da: Usurbilgo herritarrek osaturiko Erraustegia Erabakia herri ekimenak 1185 sinadura aurkeztu zituen 2016ko urtarrilaren 30ean, Usurbilgo Udalean. Sinadura horien bidez galdeketa bat egitea eskatzen zen. Udalak herritarren sinadurak jaso eta udalbatzarrera eraman zituen, gaia zegokion lekuan eztabaidatu zedin. Otsailaren 23ko udalbatzarrean, gehiengoz, honako galdera egitea ebatzi zuen Usurbilgo Udalak: “Usurbilgo hondakinak tratatzeko, erraustea egoki iruditzen al zaizu?”. Hori horrela, galdeketa lotesleak egiteko egin ohi den prozedurari jarraiki, Espainiako Gobernuari baimen eskaera luzatu zitzaion martxoaren 4an.

  3. Usurbilgo eta eskualdeko herritarren artean erraustegiaren eraikuntzak eta hau martxan jartzeak ongizate eta osasunean eragingo duen kaltearen aurrean, zilegizkoa eta arduratsua iruditzen zaio Usurbilgo Udalari, ekarriko dituen ondorioen eta kostu ekonomikoen jakitun, oraindik ere hondakinak erraustu nahi diren galdetzea.

  4. Errausketa ingurumenari eta osasunari eragiten dion arazo bat ez ezik, problema etiko eta demokratikoa ere bilakatu da. Hondakinak erraustearen egokitasunari buruz inoiz ez zaie galdetu herritarrei eta Usurbilen saiatu izan denean ere ez da utzi. Hori gutxi balitz, oso kezkagarria da erraustegiaren eraikuntza eta geroko kudeaketaren inguruko opakotasuna. Azken asteetan ikusi ahal izan dugun bezala, gutxieneko osasun bermerik izan gabe, herrialdeko gizarte eragile askoren aurkakotasunarekin eta Europan hainbat erraustegik sortu dituzten arazoei muzin eginez, aurrera jarraitzen dute proiektuarekin.

  5. Ikerketa asko daude argitaratuta, aldizkari serio eta fidagarrietan, erraustegien osasun-kalteak nabarmentzeko eta ebidentziaren mailara eramateko. Gipuzkoako mediku-talde batek txosten bat argitaratu du horren berri emateko, eta jendaurrean ere hamaika informazio-saio egiten ari dira. Osasunaz ari garela, arrisku hutsak aski behar luke arduraren eta prebentzioaren printzipioa aplikatzeko beste ezeren aurretik. Usurbilgo Udalak, ildo horretan, Gipuzkoako eragile politikoei, herritarrei hitza eman eta errausketari buruzko debate zintzo eta zentzuzko bat emateko gonbitea luzatu nahi die, behingoagatik herritarrak eta hauen osasuna eztabaidareren erdigunean jarriz eta alderdi interesak alboratuz.

  6. Penaz, aitortu behar du, Usurbilgo Udalak ez duela egin asmo zuen herri galdeketa aurrera eramateko baimenik. Herritarren aldetik 1185 sinaduren bidez jasotako manatuari erantzun ezinik geratzen da. Horrek beste problema batzuk ere agerian uzten ditu: nork, noren gainean, zergatik, nola eta ze argudioren gainean hartzen dituen erabakiak. Hori, Usurbilen esaten den bezala, beste kupeleko sagardoa izan daiteke batzuentzat, baina Udalak uste du, benetan arduraz hartzekoa dela erabakiak hartzeko modua eta hauek izan dezaketen eragina, gehiago herritarrei bizkarra emanda hartzen badira. Usurbilgo Udalaren aldetik, herritarrei itzuliko zaie galdeketa egiteko eskumena, kezkaren tamaina ezagututa, INOIZ BAINO ZILEGITASUN HANDIAGOA baitu galderak.