Eduki publikatzailea
Atzealdea

Usurbilgo Udalak eta Aranzadi Zientzia elkarteak Andatzako gune megalitikoak aztertzen jarraituko dute aurtengo udaran

Aranzadi Zientzia Elkarteak udan ikerketa arkeologikoak egin izan ditu han-hemenka; udan, euren jarduera nagusietakoa izan ohi da. Gipuzkoan hainbat tokitan egingo dituzte indusketak, tartean, Andatzan. Zehazki, Andatza inguruan, prospekzio arkeologikoa egingo dute, kata eta zundaketekin, Kalkolito eta Brontze Aroa hobeto ezagutzeko. Andatzan badira garai hartako monumentu megalitiko ugari. Lanak uztaila eta urria bitartean egingo dituzte, egun solteetan, eta indusketa honetan eskualdeko pertsonek izango dute lehentasuna. Bost lagun behar dituzte lan horietan laguntzeko, eta interesik izanez gero, honako helbidean eman behar da izena, ekainaren 10a baino lehen: https://docs.google.com/forms/d/e/1FAIpQLSfZ3mb-n7XZ-Z03LqDSDFhjZLnfjiU1XdA83xfFbdslB6hWcw/viewform

2019·05·17


Indusketa arkeologikoak egingo ditu Aranzadi Zientzia Elkarteak Andatzan udan. Aranzadik aspalditik du Andantzan ikerketa-lerro bat zabalik, Neolitoa eta Erromatar garaira arteko epealdi historikoak hobeto ezagutzeko. Manu Ceberio eta Izaro Quevedo dira zuzendariak, eta prospekzio arkeologikoa egingo dute, kata eta zundaketekin. Lan horiek uztaila eta urria bitartean egingo dituzte, egun solteetan, eta lan horietan laguntzeko, boluntario bila ari dira. Zehazki esanda, bost lagun behar dituzte. Eskualdeko pertsonek izango dute lehenetasuna, zundaketa-eremutik gertu baitaude. Ikastaroa elebidunez egingo da, eta doakoa izango da. Ikerketa honen helburua Kalkolito eta Brontze Aroa hobeto ezagutzea da, eta Andatzan ez ezik, Belkoin, Garate eta Zarate mendietan ere egingo dituzte indusketak.

Aranzadiren ikerketa arkeologiko honek Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Usurbilgo Udalaren laguntza jasoko du.

Ingurune horretan Kobre Aro eta Brontze Aro garaian eraikitako trikuharriak daude. Andatza, Belkoain eta Zarate mendien artean bizitu izan ziren giza taldeek eraiki zituzten, hildakoak ehorzteko. Hain justu, lehengo urtean Txangosta inguruan beste monumentu megalitiko bat topatu zuten, itxura guztien arabera, trikuharri bat.

 

Izena eman, ekainaren 10a baino lehen

Lan hauetan parte hartzeko, laguntzeko edota ikasteko interesa izanez gero, Aranzadiren webgunean topatuko duzu informazio guztia. Andatzan ez ezik, beste hainbat gunetan ere egingo dituzte indusketak udaran. Edonola ere, izena emateko epea ekainaren 10ean bukatuko da, eta honako formularioa bete behar da: https://docs.google.com/forms/d/e/1FAIpQLSfZ3mb-n7XZ-Z03LqDSDFhjZLnfjiU1XdA83xfFbdslB6hWcw/viewform