Eduki publikatzailea
Atzealdea

Usurbilgo udal-gobernuak bat egin du ostiralerako Ingemarreko langileek deitu duten manifestazioarekin

Galiziako zuzendaritzak eta hango langile-batzordeak akordioa lortu dute Usurbilgo enpresa ixteko. Itxiera salatzeko, Usurbilgo langileek manifestazioa dute ostiralerako eta udal-gobernuak bat egin du protestarekin, izan ere, euren ustez, bidegabea da itxiera eta Usurbilentzat, usurbildarrentzat eta, batez ere, langileentzat galera handia izango da.

2019·05·08


Ingemarreko zuzendaritzak iragarritakoa bete, eta martxoan hasieran aurkezturiko enplegu-erregulazio espedientea gauzatu du. Atalluko langile gehienak kaleratu eta lantegia ixteko bidean jarri du. Aipatu espedientea iragarri zutenean greba mugagabeari ekin zioten langileek. Langileok kaleratzeen eta Ingemarreko itxieraren aurka manifestazioa deitu dute orain, ostiralerako (maiatzak 10). Arratsaldeko 18:00etan abiatuko da udaletxe paretik. Herri erdiguneko kaleak zeharkatu ostean, frontoian amaituko da mobilizazioa. Pilotalekuan agerraldia iragarri dute langileok. 

Hain zuzen, maiatzaren 2an bilera egin zuen Xabier Arregi Usurbilgo alkateak Ingemar enpresako langileekin, egoeraren berri izan eta Udalaren babesa adierazteko. Izan ere, martxoaz geroztik greba mugagabean daude langileak, eta, tamalez, espero zutena bete da: Usurbilgo lantegia itxiegingo du Galiziako zuzendaritzak, hango enpresa batzordearekin (UGTk 3 ordezkari eta CIGk 2) akordioa lortu ostean. Ingemarreko langileek alkateari jakinarazi diotenez, maiatzaren 15ean izango da kaleratze-eguna, baina eurek ez dute kaleratze-gutunik sinatuko eta epaitegie-tara joko dute.

Alkateak enpresaren jarrera gaitzetsi du eta langileei babesa adierazi die, eta horregatik ostiraleko manifestazioan parte hartuko duela iragarri du: “Ingemar gure herriko enpresa da. Bertan sortua, zainak hemen dituena. Baina duela urte batzuk Galiziako talde batek hartu zuen buruzagitza, eta geroztik deuseztatu egin dute. Deslokalizazioak desegitea ekarri du. Galera handia da Usurbilentzat, usurbildarrontzat eta, batez ere, noski, langileentzat. Bihoakie langileei gure babes eta elkartasun handiena”. Alkatearen irudiko, zuzendaritzak ez du benetako apusturik egin Usurbilgo lantegiaren alde, eta ez dio beste inori utzi enpresa indarberritzen. “Ea azken orduko mugimenduren batek nolabaiteko argi izpia ekartzen duen egoera ilun honetara”. Udala, beti bezala, prest egongo da ahal duen neurrian laguntzeko.