Albisteak

Atzealdea

Usurbilgo “Negu” taldea Buruntzaldeako Euskararen Ginkanaren finalera iritsi da

Buruntzaldeako 12 eta16 urte arteko gazteez osatutako 31 taldek parte hartu dute Buruntzaldeako Euskararen Ginkanaren 1. Edizioan. Buruntzaldeako 6 herrietako 124 gazte aritu dira elkarrekin jolasean eta lehian. Horietatik lau talde sailkatu dira finalera, tartean Usurbilgoa. Finala bihar jokatuko da, Hernaniko Orona-Ideon, 17:00etan. Irabazleak 1.500 euroko saria eskuratuko du. Bigarren talde sailkatuak, berriz, 500 euro.

2017·11·30


Gazteen artean euskararen erabilera bultzatzeko Buruntzaldeako udalek abian jarritako Euskararen Ginkana ekimena azken txanpan dago. Aisialdia eta euskara uztartu ditu egitasmoak, euskaraz ere ondo pasatu daitekeela erakutsiz. Lehen aldia da halako ekimen bat antolatzen dela, eta erabat arrakastatsua izan da. Izan ere, Buruntzaldeako 12 eta 16 urte arteko 124 gaztek parte hartu dute, 31 taldetan banatuta. Lau talde finalera sailkatu dira, eta horietako bat da Usurbilgo taldea. Hain zuzen, bihar bertan jokatuko dute finala, Hernaniko Orona-Ideon, 17:00etan. Irabazleak 1.500 euroko saria eskuratuko du, eta, bigarrenak, aldiz, 500 eurokoa.