Eduki publikatzailea

Atzealdea

Usurbilgo Haur Eskolak eskaintzen duen zerbitzuarekin oso gustura daude gurasoak

Haur Eskolak eskaintzen duen zerbitzuaren gaineko ebaluazioa egin asmoz eta 0-3 urteko haurren eskolatze-ohiturak ezagutzeko asmoz, Udalak eta Udarregi Ikastolak galdetegi bat egin berri dute 2011. urtetik aurrera seme-alabak eduki dituzten gurasoen artean. Emaitzen arabera, gurasoen % 70k seme-alabak haur-eskolara eraman dituzte, eta horietatik ia guztiak Usurbilgora eraman dituzte. Gainera, oso balorazio positiboa egiten dute jasotako zerbitzuaren gainean. Ume gehienek Udarregi Ikastolan jarraitu dute gero.

2018·05·22


Usurbilgo Udalak eta Udarregi Ikastolak gure herriko Udal Haur Eskolari buruzko galdeketa egin berri dute 2011. urtetik aurrera seme-alabak eduki dituzten gurasoen artean. Galdeketa horren helburua izan da eskaintzen ari diren zerbitzuaren gaineko ebaluazioa egitea eta 0-3 urte arteko haurrekin gure herrian dauden eskolatze-ohiturak ezagutzea. Hala, 91 gurasok hartu dute parte, hau da, 2011 eta 2017 urte artean jaiotako haurren gurasoen % 27ak. Gura Market_IN enpresak egin du galdeketa, eta ontzat eman du kopuru hori, gurasoen iritzi orokortua jasotzeko lagina izan badelako (% 20ko lagina balekotzat zuten).

Galdetegia erantzun dutenen artean, % 75ak, gutxi gorabehera, inoiz eraman izan ditu seme-alabak haur-eskola batera: % 69ak seme-alaba guztiak eraman ditu, eta % 10ak seme-alabaren bat. Bestetik, galdetegia erantzun dutenen % 20,24ak ez ditu seme-alabak haur-eskolara eraman. Haur-eskolara ez eramateko arrazoien artean honako hauek aipatu dituzte gurasoek: umeak 3 urtera arte ez dituztelako eskolatu nahi; aiton-amonek zaintzen dizkietelako; gurasoren bat etxean dagoelako eta, ondorioz, beharrik ez dutelakoa; edota, garestia delako. Horietatik badira batzuk, (% 35), haur eskolara eraman ez, baina bi urteko gela duen ikastetxeren batean umeak matrikulatu dituztenik, batez ere Aginagako eta Zubietako eskola txikietan. Edonola ere, haur eskolara ez eramateko arrazoiak ez du zerikusirik Usurbilgo Udal Haur Eskolaren gainean iritzi txarra dutelako.

Hala, emaitzak esku artean, ondorio nagusia da seme-alabak haur-eskolara eramateko hautua egin duten ia guraso guztiek Usurbilgo Udal Haur Eskolara eraman dituztela. Hau da, gurasoen % 70k umeak haur-eskolara eraman dituzte, eta horietatik % 98k Usurbilgora eraman dituzte.

Seme-alabak zein haur-eskoletara eraman erabakitzerako orduan, honako faktore hauek dute garrantzia gurasoen hautuan: haur-eskola herrian egotea (gurasoentzat erosotasuna); elikadura (bertako elikagaiak, bertan prestatutakoak izatea); eta, hiru urteetan umeak erreferentziazko hezitzaile baten jarraipena eduki ahal izatea. Hain justu, hiru aspektu horiek dira Usurbilgo haur-eskolan gehien baloratu direnak. Bestalde, Usurbilgo haur-eskola aukeratzeko garaian, honako faktore hauek eduki dute balorazio maila txikiena: prezioak, egutegiak, beste gurasoen iritziek eta ordutegiak.

Asebetetze maila
Usurbilgo Udal Haur Eskolak eskaintzen duen zerbitzuaren gaineko balorazioa egiteko ere eskatu zaie gurasoei, eta oro har, haur-eskolak eskaini dien zerbitzuarekin gustura edota oso gustura daude. Oso positiboki baloratzen dituzte elikadura eta hezitzaileak (asebetetze maila %92tik gorakoa dute); erdipurdi egokitzapen-aldia, egutegia, instalakuntzak, hezitzaile bakoitzak duen haur kopurua eta ordutegia (faktore horiek eragiten dien asebetetze maila %60koa da gutxi gorabehera), eta asebetetetze maila txikiena prezioak izan du.

Halaber, aspektu positiboen artean, honako hauek aipatu dituzte: egokitzapen-aldia (beste batzuek, ordea, aspektu negatibo gisa aipatu dute, oso luzea delako euren iritzian); hezitzaileekin gertutasuna; herrian egotea; psikomotrizitateko gela; ikastolarekin txikitatik sortzen den harremana. Bestetik, alderdi negatibo gisa, hauexek aipatu dituzte: kuota garestia; ikastolatik fisikoki bananduta egotea; malgutasun falta (kuotan, egutegian…); instalakuntzak zaharkituta egotea; opor luzeegiak; eta, eskola publiko batetik ikastola kontzertatu batera pasatu beharra.

Udal haur-eskolan egon diren umeen % 85,71k Udarregi Ikastolan jarraitu dute gero. Arrazoien artean honako hauek aipatu dituzte: besterik ez dagoelako; herrian dagoelako; ikastolaren ereduaren aldekoak direlako; euren seme-alabek ikasketak Usurbilen egitea nahi dutelako; ikastolaren metodologia eta instalazioengatik. Ikastolara eraman ez dituztenak, Aginagako edota Zubietako eskola txikira eraman dituzte.

2-3 urteko gela Udarregin
Ez dago adostasun edo iritzi bateraturik gurasoen artean 2-3 urteko gelari buruz. Batzuek eskatu diote Udarregiri 2 urtetik aurrera hartzeko haurrak eta ez hiru urtetik aurrera, orain egiten duen bezala. Haatik, umeak haur eskolara eraman dituzten gurasoek oso positiboki baloratzen dute 0-3 ziklo osoa mantentzea, nagusiki, ikuspegi pedagogikotik.