Albisteak

Atzealdea

Usurbilgo Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako II. Plana landuko du Usurbilgo Udalak

Zenbait herritarrekin elkarrizketak izan ostean, webgunean galdetegi bat prestatu du Udalak . Abuztuaren 15era arte izango da aukera galdetegia erantzuteko

2016·07·19


Usurbilgo Udalean urteak daramatzagu emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde lanean. 2010. urtean Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako I. Tokiko Plana martxan jarri genuen, 4 urteko epealdirako. Horren indarraldia amaituta, aurten, 2016an, II. Planaren diseinuari ekingo diogu.

Beraz, dagoeneko sei urte inguru dira, udalerrian berdintasuna sustatzeko, politika zehatzak eta planifikatuak martxan ditugula eta orain arte egindako lanaren balantzea egiteko une egokia dugu orain.

Izan ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako II. Plana (2017-2020) diseinatu aurretik, aurreko planaren ebaluazioa egin nahi dugu, eta berdintasunaren ikuspegitik egungo egoeraren gakoak non dauden aztertu nahi dugu. Modu honetan, jakin ahal izango dugu, azken urteetan, berdintasunaren bilakaera nolakoa izan den, zertan egin dugun aurrera eta zertan ez.

Esan bezala, aurten bi lanketa garrantzitsu egitea aurreikusten dugu:

- Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako I. Planaren ebaluazioa.

- Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako II. Planaren diseinua.

Lan hauek guztiak egiteko, parte-hartzeko prozesua jarriko dugu martxan, Elhuyar Aholkularitzaren laguntzaz.

Horrela, hainbat iturritatik eratorritako datuak aztertzeaz gain, informazio kualitatiboa jasotzeko eta lantzeko hainbat bide jorratuko ditugu:

 

EBALUAZIOA ETA GAUR EGUNGO EGOERA AZTERTZEA

- Udaleko zenbait ordezkariei nahiz hainbat herritarrei elkarrizketak egin dizkiegu apirilean. Horri esker, berdintasunaren eremuan orain arte egindako lanaren nahiz etorkizunerako erronkei buruzko informazioa eskuratu ahal izan dugu.

- Herritarren iritziak eta ekarpenak jasotzeko asmoz eta berdintasuna nola bizi eta sentitzen duten jakiteko, uztailaren 20tik abuztuaren 15era bitartean herritar guztien eskuragarri jarriko dugu galdetegi bat Udalaren webgunean nahiz herriko hainbat txokotan: kiroldegian, osasun-zentroan, Potxonean, liburutegian eta Jubilatuen Elkartean.

http://www.usurbil.eus/eu/usurbilgo-udalaren-berdintasunerako-ii.-planerako-inkesta

 

II PLANAREN DISEINUA

- Behin aurreko plana ebaluatuta eta gaur egungo egoeraren gaineko azterketa eginda, herritarrekin bi tailer egingo ditugu irailean eta urrian egindako lanketa kontrastatzeko eta plan berria diseinatzeko.

- Gainera, iraila, urria eta azaroan ordezkari politiko eta udal-langileekin elkartuko gara, ebaluazioaren berri emateko eta plan berria diseinatzeko.

- Ondoren, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako II. Plana onartuta, prozesuak emandako emaitza gizarteratu egingo dugu.

Usurbilgo Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako II. Planaren diseinuan parte hartu nahi duen guztiak Udaleko berdintasun-teknikaria den Maria Salsamendirekin harremanetan jar daiteke 943 377110 telefono-zenbakira deituz.