Albisteak

Atzealdea

Usurbilgo alkateak, Gipuzkoako alkateei, Zubietako erraustegiaren auzia udalbatzarretara eraman eta alderdi interesez gaindi lantzeko eskatu die

1
Apirileko ohiko udalbatzarrean onartu bezala, Xabier Arregi Usurbilgo alkateak gutun bana bidali die Gipuzkoako alkate guztiei, Zubietako erraustegiaren gaia euren herrietako udalbatzarretara eramateko gonbita eginez. Gutunean, herri horretan Zubietako erraustegiaz ematen diren eztabaida edota ebazpenen berri emateko eskatzen die.

2016·05·09


Gutunak honakoa dio:

Alkate estimatua:

Ondo dakizu herri baten egunerokoan zenbat gorabehera sortzen diren. Alkatetzak, poz eta esker oneko uneekin batera, buruhausteak ere ekartzen dizkigu. Horregatik, karguaren konplizitateak elkar ulertzea erraztuko duelakoan, zuregana zuzentzen naiz nire kezka azaltzera.

Kontu jakina da Gipuzkoako Zubietan erraustegia egiteko asmoari Gipuzkoako Foru Aldundiak berriz heldu diola. Asmoa aspalditik dator, eta bide katramilatsu eta luzean zalaparta eta tirabira ugari sortu da. Erraustegiaren proiektua Zubietara iristerako, beste hainbat kokaleku ere proposatu ziren: Urnieta, Txingudi, Zestoa, Landarbaso, Aritzeta... Guztietan bizilagunen kexak eta protestak eragin ditu, salbuespenik gabe.

Zubieta, argitu dezagun, udalerri izaerarik ez duen herrixka da. Administratiboki bitan banatuta dago: parte bat Donostiaren menpekoa da, eta bestea Usurbilen menpekoa. Geografikoki Oria ibaiaren ertzean dago, eta Lasarte-Oriako eta Usurbilgo herriguneak ditu gertuen. Donostiako erdigunea hamar bat kilometroko distantziara dago.

Erraustegiaren proiektuak izan dituen gorabeheretan ez naiz sartuko, baina uste dut problema etiko eta demokratiko baten aurrean gaudela. Inork ez du aldamenean nahi, eta hala ere derrigorrean egin beharrekotzat saltzen zaigu.

Dilema etiko horrek dimentsio latza hartzen du erraustegiak eragiten dituen osasun-kalteak aintzat hartuz gero. Ikerketa asko daude argitaratuta, aldizkari serio, fidagarri eta modernoetan, erraustegien osasun-kalteak nabarmentzeko eta ebidentziaren mailara eramateko. Gipuzkoako mediku-talde batek txosten bat argitaratu du horren berri emateko, eta jendaurrean ere hamaika informazio-saio egiten ari dira. Izango da ikerketa horiei sinesgarritasuna kentzen dienik (gainera, ez dugu zertan denok iritzi bera eduki), baina, osasunaz ari garela, arrisku hutsak aski behar luke arduraren eta prebentzioaren printzipioa aplikatzeko beste ezeren aurretik.

Osasunak kezkatzen nau gehienbat, gaurko eta biharko herritarrek izan ditzaketen minbizi, malformazio eta patologien areagotzeak.

Ez da kezka bakarra, ordea. Beste bi alderdik ere arduratzen naute: batetik, proiektuaren kostu ekonomiko handiak eta finantziazio-bide pribatizatzaileak; bestetik, Europak etorkizunerako markatzen dituen direktibei entzungor eginez, Gipuzkoako hainbat herritan abiatutako hondakin-tratamendurako bide jasangarriari muzin egiteak. Alderdi humano, sozial, ekologiko, eta ekonomikotik begiratuta, atzerapauso izugarria da erraustegia eraikitzea.

Gipuzkoako gizartea egunez egun erakusten ari da ez dela behar halako azpiegiturarik. Hainbat herritako birziklatze-tasak Gipuzkoa osora estrapolatuz gero, kitto, bukatuta legoke eztabaida. Garbi dago, beraz, zein den bidea.

Horregatik, zentzu betea du herrian entzuten den esaldi honek: burua duenak ez du ondoan nahi eta bihotza duenak ez du inon nahi.

Azken batean, hondakinak kudeatzeko dugun moduak eta, zer esanik ez, dilema etiko baten aurrean hartzen dugun jokabideak, garbi islatzen dute zer garen, nolakoa den gure izaera kolektiboa.

Horiek horrela, hauxe da egin nahi dizudan eskaera:

Alderdien arteko eztabaida eta logiken gainetik, karguak ematen digun konplizitateaz, Zubietako erraustegiaren gaia zure herriko udalbatzarrera eramatea. Nahi nuke itxikeria politikorik gabe eta herritarren ongizatea oinarritzat hartuz, gai honi buruzko eztabaida parametro etiko eta demokratikoetan eman dadin. Eta, ongi baderitzozu, zure herriko udalbatzarrak hartzen duen erabakiaren berri ematea ere eskertuko nizuke.

Besterik gabe, jaso ezazu nire agurra eta esker ona.

 

1