Eduki publikatzailea
Atzealdea

Usurbilen hasiko dira aurtengo UEMAren gazte-topaketak

Udalerri euskaldunetako gazteen topaketak aurkeztu ditu gaur UEMAk, Usurbilen egindako agerraldian. Udalerri euskaldunetako gazteak euskararen inguruan sentsibilizatzeko, kontzientziatzeko eta eragile aktibo bihurtzeko asmoz antolatu ditu topaketa hauek UEMAk, Usurbilgo, Oiartzungo, Berako eta Arantzako udalen laguntzarekin. Ekainaren 26tik 30era izango dira topaketak, Usurbildik Arantzara, eta izena emateko epea zabalik dago, martxoaren 31 arte

2019·02·20


Herritarren kontzientziazioa eta sentsibilizazioa da UEMAren ildo nagusietako bat azken urteotan. Horren baitan, euskararen arnasguneei buruzko hezkuntza proiektua sortu zuen UEMAk duela bi urte, eta azken ikasturteetan UEMAko herrietako ikastetxe guztietan aritu dira lanean UEMAko teknikariak, Haur Hezkuntzako, DBHko eta Batxilergoko ikasleekin. Ikasleen artean hizkuntza ekologiaren diskurtsoa zabaltzea eta arnasguneen garrantzia nabarmentzea da proiektuaren helburua, gazteei euskararen normalizazio prozesuan duten garrantzia ikusarazteaz gain.

Proiektua bere osotasunean garatzeko, eta hezkuntza arautuaren mugak gainditu nahian, Salto Gazte Topaketak eta udalekuak antolatu izan ditu UEMAk aurreko bi urteotan, udalerri euskaldunetako gazteek elkar ezagutzeko eta beraien artean euskara oinarri hartuta saretzeko.

Inertziatik kontzientziarako saltoa

UEMAko lehendakari Josu Labakak nabarmendu duen moduan, “azken batean, euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea eta horrekin efektu biderkatzailea sortzea da helburua, euskararen lurgunea hedatzen jarraitzeko. Aisialdiarekin eta euskal kulturarekin lotutako egitarau erakargarriarekin, gazteak gaiaren inguruan sentsibilizatuta, ahalduntze kolektiborako urratsa eman nahi da udaleku hauekin”.

Gazteen artean euskararen ezagutzak gora egin arren erabileran eta kontzientziazioan eragitea oraindik ere ezinbestekoa dela iritzita, hainbat udalek ere berariaz lagundu dute ekimen hau, herriko elkarteen eta eskolen artean ekimenari buruzko informazioa zabalduz. Usurbilgo, Oiartzungo, Berako eta Arantzako udalek, berriz, herriaren baliabideak ere jarriko dituzte topaketak eduki eta azpiegitura aldetik laguntzeko.

Euskal kulturan oinarritutako eskaintza, eredugarri

Usurbilgo Udalaren izenean, Alaitz Aizpurua Euskara zinegotziak eskertu egin du UEMAk Usurbil eredu eta abiapuntutzat hartu izana. Udalerri euskaldunek eta euskararen arnasguneek normalizazio prozesuan duten garrantzia nabarmendu du, udalerri hauek euskara eta euskal kultura oinarritzat hartuta garatzeko egin daitezkeen ekimenak aipatzearekin batera: “Argi daukagu euskal kulturan oinarritutako eskaintza ezinbestekoa dela herritarrentzat zein bisitarientzat, udalerri euskaldunak gure nortasunari eutsiz eta gure nortasuna nabarmenduz garatzeko, euskal kulturaren eta euskararen inguruko eskaintzarekin”.

Usurbilek ildo horretan hainbat ekimen ditu, eta horiek udalerri euskaldunetako gazteei ezagutarazteko aukeratzat ikusten ditu UEMAren topaketa hauek. Zehazki, Usurbildik abiatuko diren egunean, topaketetan parte hartuko duten gazteek Harria Hitz ibilbidea ezagutzeko aukera izango dute. Horrelako bisita eta ekimenekin gazteen ahalduntzean eta kontzientziazioan eragin nahi da, horrek gero hizkuntza ohituretan ere eragina izango duelakoan.

UEMAko hezkuntza arduradun Jokin Urangak zehaztu ditu topaketen nondik norakoak, “euskararenganako kontzientzia hartzeko eta horrekin gazteak eragile aktibo bihurtzeko ekimen garrantzitsua” direla nabarmentzearekin batera. Honakoak dira Urangak emandako argibide nagusiak:

Topaketa ibiltariak: Usurbildik Arantzara.

Usurbildik Arantzara izango dira udalerri euskaldunetako gazteentzako topaketak. Usurbildik Arantzarako bidea egingo dute gazteek, begiraleekin batera.

· Ekainak 26, asteazkena: Usurbil-Oiartzun. Harria Hitz ibilbidea, Usurbilen.
· Ekainak 27, osteguna: Oiartzun-Bera.
· Ekainak 28, ostirala: Bera-Arantza.
· Ekainak 29, larunbata: Arantza.
· Ekainak 30, igandea: Arantza

Norentzat dira: adina.

Udalerri euskaldunetan bizi diren DBH3ko, DBH4ko eta Batxilergoko 1. eta 2. mailako ikasleentzat.

Udalerri euskaldun gisara izendatzen dira euskararen indizea %70etik gora duten udalerriak.

Izena emateko epea eta modua.

· Izena emateko epea zabalik dago eta martxoaren 31n amaituko da.
· Horretarako, hezkuntza@uema.eus helbidera idaztea edota 943 816699 telefonora deitzea (astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 15:00etara) nahikoa izango da.

Prezioa.
89 euro ordaindu beharko du gazte bakoitzak.