Albisteak

Atzealdea

Usurbil herritar txartelaren diseinua egiteko lehiaketaren oinarriak

“USURBIL herritar TXARTELA” deituriko egitasmoa abian jarriko dute Usurbilgo Udalak eta Hurbilago‐Usurbilgo Merkatari eta Ostalarien‐ elkarteak. Lehiaketa honen helburua, txartel berriak izango dituen izen eta irudiari buruzko proposamenak jaso eta jasotako lanen artean epaimahaiaren iritziz egokiena dena aukeratzea izango da

2015·10·22


 

1. Lehiaketaren helburua

“USURBIL herritar TXARTELA” deituriko egitasmoa abian jarriko dute Usurbilgo Udalak eta Hurbilago‐Usurbilgo Merkatari eta Ostalarien‐ elkarteak. Lehiaketa honen helburua, txartel berriak izango dituen izen eta irudiari buruzko proposamenak jaso eta jasotako lanen artean epaimahaiaren iritziz egokiena dena aukeratzea izango da.

2. Partehartzaileak

Lehiaketa publikoa eta irekia izango da; banaka edo taldean, edozeinek parte hartu ahal izango du. Taldean aurkeztuz gero, taldekide bat izendatuko da lanaren arduradun. Nahi adina lan aurkez daiteke. Lana originala, inoiz eta inon argitaratu gabea izango da.

3. Txartelaren ezaugarriak

Usurbilgo Udala eta Hurbilagoren egitasmo honen helburu nagusia, herritarrak Usurbil herriarekin lotuko dituen marka bat sortzea da, usurbildar izateari eta herritartasunari lotua dagoen ikuskera eta identitatea indartzeko balio behar du; bestetik, herritarrari herriko udal zerbitzuen erabilera erraztu egingo zaio txartel berriarekin eta azalera handietako formatu komertzialen aurrean, gertuko herri merkataritzaren aldekoa ere izango da ekimen hau.

Txartel berriak lehiaketa honetan aukeratutako izen eta irudiak izango ditu eta bi erabilera‐mota:

    Txartel bidezko identifikazioa udal zerbitzu ezberdinetan, hau da, Oiardo udal kiroldegian, Sutegiko liburutegian, Potxoenea kultur etxean eta hondakin bilketarako larrialdi puntuetan.

    Ordainketa eta fidelizazio txartela: 18 urtez gorakoek ordainketak egiteko ere aktibatu ahal izango dute txartel hori, VISA txartel modura edozein saltoki eta establezimendutan erabili ahal izango da, eta Hurbilago elkartean daudenek, abantaila bereziak eskainiko dizkiote txartel berriaren erabiltzaile direnei.

Orain herritarrek dituzten txartel ezberdinak (kiroldegikoa, liburutegikoa, Hurbilagokoa, VISA txartela...) txartel bakarrarengatik ordezkatzeko aukera izango dute herritarrek aurrerantzean; edonola ere, borondatezkoa izango da hori eta herritar bakoitzak erabakiko du lehenagotik dituen udal zerbitzuetako txartelak erabiltzen jarraitu edo txartel berria eskuratu.

Txartel berria, doakoa izango da, baita VISA merkataritza txartel modura erabili nahi bada ere.

4. Diseinu lanerako eskakizun teknikoak

Txartelarentzat proposatutako diseinuak egitasmoak dituen helburuei erantzun behar die, bereziki Usurbilgo herriari edo herritarrei hertsiki lotuak dauden elementuak bilatuz.

Diseinu lanerako formatuak ohiko kreditu txartel baten neurrietara egokitua behar du izan, neurri horiek, 8,6 x 5,4 cm izanik.

Txartelaren bi aldeetarako diseinua landu behar da; aurrealdean txartelarentzat proposatutako izena eta irudiarekin batera, VISAren ikurra ipintzeko tokia aurreikusi beharko da; txartelaren atzealdean berriz, barra kodearentzako tokia utzi beharko da eta hiru logotipo ere ipini beharko dira (Usurbilgo Udalarena, Hurbilagorena eta Nafarroako Rural Kutxarena),

Aurkeztutako lanean pertsonaren baten irudia agertuz gero, pertsona horrek lan horretan azaltzeko eta lanaren edizioa egin ahal izateko emandako baimena sinatuta aurkeztu beharko da.

Lanak egiteko erabilitako teknika librea izango da eta lanak euskarri ezberdinetan aurkeztu beharko dira:

a) Paper euskarrian, txartelak izango duen neurrian aurkeztua. b) Euskarri digitalean.

Lana aukeratua izanez gero, egileak nahitaez irudia DVD diskoan aurkeztu beharko du, non erabilitako artxibo eta tipografia‐iturri guztiak eta ingurune informatikoa jasotzen duen fitxa gehituko diren (Mac edo PC eta erabili diren programak).

 

5. Lanen aurkezpena

Proposamen bakoitzeko, bi gutun‐azal aurkeztuko dira, –A eta B –, eta hauen kanpoaldean, ondoko datuok jasoko dira:

‐ Egilearen izengoitia
‐ A edo B kartazala den (kasuaren arabera).
‐ Izenburua: “Usurbilgo herritar txartelaren diseinurako lehiaketa”

Gutun‐azalen barruan sartu beharrekoa:

A gutun‐azalean: diseinu egilearen datuak, hau da, izen‐abizenak edo elkartearen izena, IFZ/IFK, helbidea, telefonoa, helbide elektronikoa eta hura identifikatzeko behar den beste edozein datu.

B gutun‐azalean: proposatzen den diseinua joango da, euskarri digitalean eta paperean.

Gutun‐azaletan eta B gutun‐azaleko dokumentazioan izengoitia ez den beste izenik erabiltzen bada identifikatzeko, eta izen horrek parte‐hartzailea zein den jakiteko bidea ematen badu, parte hartzaile hori lehiaketatik kanpo geldituko da.

Gutun‐azalak Usurbilgo Udalean aurkeztu beharko dira, 2015eko azaroaren 6a baino lehen. Lanak zuzenean edo korreoz aurkeztu ahal izango dira.

Aurkeztu beharreko bi gutun‐azalei Usurbilgo Udaleko erregistroan eman behar zaie sarrera, ondoko helbidean:

Usurbilgo Udala
Jose Martin Sagardia Plaza z.g. 20170 Usurbil

Proposamenak postaz bidaltzen direnean, posta‐bulegoan bidaltzen deneko data justifikatu beharko da, eta egun berean e‐mail bat bidaliko da Udalera enplegu@usurbil.eus helbidera.

Oinarri hauek, Udalaren iragarki taularen, udal web gunearen eta Hurbilago elkarteko web gunearen bidez emango dira ezagutzera.

 

6. Saria

Lehiaketa irabazten duenak 500 euroko saria jasoko du.

7. Balorazio irizpideak

Diseinatutako markaren balio artistiko eta sinbolikoak, eta irudikatzeko eta komunikatzeko duen ahalmena izango dira lan irabazlea aukeratzeko aintzat hartuko diren alderdiak. Horretaz gain, diseinu berritzailea eta erakargarria izatea baloratuko da, baita landutako diseinua txartel baten ezaugarrietara egokitutakoa izatea ere.

Epaimahaiak inolako mendekotasunik gabe jardungo du eta goiko irizpideekin bat erabakiko du zein den lan irabazlea.

Edozein pertsona edo erakundeekiko konnotazio sexistak, xenofoboak, arrazistak edo ofentsiboak dituzten lanak baztertu egingo dira.

8. Epaimahaia

Epaimahaia honela osatuko da:

    »  Usurbilgo Udalaren ordezkari 1.

    »  Hurbilago elkarteko 2 ordezkari.

»  Diseinuaren edo komunikazioaren arloko 2 profesional

Aurkezteko epea bukatu eta epaimahaia bilduko da, eta erabakia hartuko du puntu gehien dituzten hiru lan aukeratzeko. Epaimahaiak erabakiaren akta jasoko du, adieraziz zein hiru lan izan diren aukeratutakoak. A gutun‐azala ez da irekiko, herri‐galdeketaren emaitzak jakin eta hiru lanetatik azken irabazlea zein den jakin arte.

Epaimahaiak erabaki dezake lehiaketa hutsik geratzea, baldin eta aurkeztutako lanek ez badute eskatzen den kalitatea eskaintzen.

9. Azken erabakia

Epaimahaiak egindako balorazioaren arabera, puntuaketarik altueneko hiru lanak jendaurrean ipiniko dira eta herri‐galdeketa bidez erabakiko da hiruen artetik zein izango den irabazlea; herritarren bozka gehien jasotzen duen proiektua (irudia eta izena) izango da txartel berrirako erabiliko dena.

 

10.Jabetza intelektuala

Lehiakidea izango da lehiaketaren helburuak betetzeko erabilitako material, prozedura eta ekipoen jabetza intelektual, industrial eta komertzialaren inguruko edozein erreklamazioren erantzule, eta dagozkion kalte ordainak emango dizkio administrazioari, edozein erreklamazioren ondorioz hari sor liezazkiokeen kalte‐galerengatik.

Hautatutako lanaren egileak Usurbilgo Udalari eta Hurbilago elkarteari uzten dizkie irudiaren ustiapen eskubideak, esklusiban eta denbora mugarik gabe; horien artean, eraldatzeko, inprimatzeko, argitara emateko, eta hedapen eta zabalkundea egiteko eskubideak, edozein prozedura edo bidetik, edonolako euskarrian, eta egoki iritz dakiokeen bezainbat alditan.

Lanaren egileak ezingo du erabili, ez osorik ez zatika, hautatutako lana, edota honen osagai edo zatiak, aurrerantzean egindako lan edo proiektuetan.

11.Oinarriak onartzea

Lehiaketa honetan parte hartzeak berekin dakar oinarri hauek guztiz onartzea.

12.Argibide gehiago Hurbilago elkartea

E‐posta: hurbilago@gmail.com Tlf.: 678085387

Usurbilgo Udala

Jose Martin Sagardia Plaza z.g.

20170 Usurbil

Tlf: 943371951