Eduki publikatzailea

Atzealdea

Ume eta gazteen ahotsa

Udalberriko bosgarren zenbakian argitaratutako idatzia

2018·04·06


Noiz edo behin aritzen naiz hizketan gaztetxoekin herriko gorabeherei buruz. Tarteka izaten da horretarako egokiera, ez maiz. Ohikotik kanpokoa da umeak eta gaztetxoak udaletxera etortzea. Udala helduon mundukoa da ia beti.

Nolabait behar eta, antolatutako ekimenak erabiltzen ditugu udala haurrei irekitzeko. Legealdi honetan izan dugu horrelako saiorik: Agenda 21 programa, Kale Irekiak mugikortasun-plana, ikastolaren eskutik udaletxera egindako bisitak... Badugu horietako batzuk urtez urte errepikatzeko borondatea eta plangintza, atsegina eta aberasgarria baita haurren arrazoibidea aurrez aurre entzutea, eta oso kontuan hartzekoak baitira beren eskaerak. Ikuspegi xaloa dute, baina ez inozoa. Askoz naturalago aritzen dira.

Ez dakit ereindako haziaren emaitza den, edo akaso berez etorri dena, baina bizpahiru aldiz egokitu zaigu haurrak beren ekimen propioz etortzea ere, helduen ageriko bitartekaritzarik gabe. Behin, Zumarte ondoko zuhaitzei buruzko eskaera egitera etorri zitzaizkidan, lehenagotik sinadura mordo bat bilduta. Berriki, Udarregiko DBH1eko ikasleak zuzendu dira niregana, ikastolan egindako lan batzuen berri emateko. Hiru txosten helarazi dizkidate, hirurak gai mamitsuei buruz: ikastola aurreko belardiaren erabileraz, Agerialdeko frontoia berritzeaz, eta eskolaz kanpoko jarduerak zabaltzeaz.

Behar bezain ondo entzun eta erantzun diedan, hori dut zalantza, baina ezbairik gabe ematen diot balioa gazteen ekimenari, eta herriko gaietan inplikatzeari. Udala herri-etxea da beste ezeren aurretik, eta izaera horri eutsiko badio ezinbestekoa da gazteek ere berentzat hartzea. Komeni da txikitatik ikastea Udala zer den eta nola ari den, ulertzea diru publikoaren erabilerak duen logika eta zorroztasuna, eta jabetzea interes publikoa ezin dela interes pribatuen mendean jarri. Beharrezkoa da, hortaz, parte hartzeko aukera zabaltzea, Udala gertuko senti dezaten. Udala denona da, baita ume eta gaztetxoena ere. Herri hezitzaileak badu hor zer egina.

Oraina eta geroa markatzen duten erabakietan, ezjakinak eta eskarmenturik gabeak direlakoan edo, ez zaie ume-gazteei ahotsik aitortzen, eta are gutxiago, noski, erabakimenik. Legez ezarritako araua garbia da: hemezortzi urte bete arte, ez dute boto-eskubiderik. Hala dago antolatuta gure mundua, heldu-zaharron sistema. Eta nekez jabetzen gara umeen ikuspegi freskoak argia dakarrela, mundu berri baterako oinarrizko argitasuna.