Eduki publikatzailea
Atzealdea

Ugaldea industriagunea bizi.berritzeko programa idazteko, 15.000 euroko dirulaguntza lortu du Udalak

Usurbilgo Udalaren lehentasuna bada herriko jarduera sozio-ekonomikoa zaintzea eta sustatzea, eta horri begira ezinbestekoa da egungo industriaguneak eraberritzea. Legealdi honetan aparteko saiakera egin da Ugaldearekin, eta, asteon, industriagune degradatu hori lehengoratzeko esku-hartze programa bat idazteko dirulaguntza garrantzitsua lortu du Udalak Gipuzkoako Foru Aldunditik: 15.000 euro. Industriagunea eraberritzeko helburuz jabeek eratu berri duten elkartearekin elkarlanean aurrera egiteko dirulaguntza garrantzitsua dela dio Xabier Arregi alkateak.

2019·05·24


10.000 biztanletik beherako udalerriek eremu andeatu edo degradatuak lehengoratzeko esku-hartzeko programak egiteko gastuak finantzatzeko 2019ko laguntza deialdi bat kaleratu zen 2019ko martxoaren 7an GAOn. Deialdi horri jarraiki, Usurbilgo Udalak Ugaldea industriagune degradatua lehengoratzeko esku-hartze programa idazteko gastuak finantzatzeko dirulaguntza eskatu zuen, izan ere, programa hori idazteko ahalkularitza teknikoa kontratatzeko asmoa du Udalak, ingeniaritza, hirigintza, ingurumena eta ekonomiaren arloak uztartzen dituen ahalkularitza, hain zuzen ere. Asteon iritsi da erantzuna: 15.000 euro emango dizkio Gipuzkoako Diputazioak Udalari, helburu horretarako. Xabier Arregi alkatearen esanetan, albiste bikaina da, izan ere, industriagune hori biziberritzeko eta bertako jabeek sortu berri duten elkartearekin eskuz esku elkarlanean aritzeko bultzada izugarria emango duelako.

Ugaldea industriagunea eraberritzeko helburuz, bertako hainbat jabek elkarte bat sortu berri dute: Usurbilgo Ugaldea Poligonoko Elkartea. Otsailean egindako agerraldian eman zuten horren berri Usurbilgo Udalak eta Ugaldeako hainbat eragile ekonomikok, orain arte elkarrekin egindako bide baten emaitza izan dela irudikatzeko eta bidea elkarrekin egiten jarraitu nahi dutela adierazteko. Izan ere, biek ala biek jotzen dute ezinbestekotzat industriaguneak XXI. mendeko parametroetara egokitzea, Usurbilek kalitatezko jarduera ekonomikoak izan eta erakar ditzan. “Herriaren onurarako da”.

Esku-hartze programa Usurbilgo Udalaren, Ugaldea Poligonoko Elkartearen eta bertako jabeen arteko elkarlana sustatuz garatuko da eta zeregin nagusiak honakoak izango lirateke:

➢ Industriagunea berroneratzeko eta egungo parametrotara egokitzeko irizpideak zehaztea.

➢ Eusko Jaurlaritzako Industrialdeetarako Renove Plana-Urbanizazioa laguntza programan parte hartzeko urbanizatze jarduerak zein diren identifikatzea.

➢ Gaur egungo egoeraren eta urbanizatze jardueren aurreproiektua.

➢ Jardueren programazioa.

➢ Jardueren balorazio ekonomikoa.

 

Aparteko saiakera Ugaldearekin

Legealdi honetan aparteko saiakera egin da Ugaldea eremuan. UGALDEA industriagunea, iraganean 36. industriagunea bezala ere ezagutua, 60. hamarkadaren erdian sortu zen, eta orduko beste hainbat industriagunetan bezala, garaian erabiltzen ziren eraikuntza eta egikaritze sistemen bitartez gauzatu zen. Industriaguneak hirigintza-kudeaketan hasieratik hainbat arazo izan zituen, eta denboraren poderioz ondorioak areagotzen joan dira, esaterako: urbanizazioaren egoera eskasa eta udalak jaso gabea, ekarri dituen mantenu arazoekin; ibaiari bizkar garatutako jarduerak, hainbat eraikinen eraikuntza-kalitate baxua eta abar. Azken hamarkadetan industriagunea eraberritzeko asmoak izan badira ere, honetarako azterketa eta bilkurak gauzatuz, ez da helburua lortu, eta egunetik egunera egoera okertuz joan da. Beraz, egungo egoera kezkagarria da. Dekadentzian dagoen industriagune baten aurrean aurkitzen gara, non, benetako eraberritze baten aldeko neurririk hartu ezean, atzera buelta gabeko prozesu batean sartzeko arriskua dagoen etorkizun hurbilean.

 

Xabier Arregi alkatearen hitzetan, Usurbilek XX. mendean enpresa asko hartu zituen, eta jarduera industrialak erabat aldatu zuen herriko paisaia, ekonomia eta biziera. “60. hamarkadako moldeen arabera egin ziren, eta horietako asko udalek jaso gabe geratu ziren”, nabarmendu du Arregik: “XXI. mendean gaudela, eguneratze eta eraberritze beharrean daude. Orduan poligono industrial deitzen ziren haiek, jarduera sozio-ekonomikorako eremu modernizatu izatea nahi dugu gaur egun”. Horretarako, berariazko proiektu bat diseinatu du Udalak Ugaldeari begira. Asmoa ez da industriagune berri bat egitea, baizik eta zonalde degradatu bat modu duinean txukuntzea, bertako jarduera ekonomikoa baldintza onetan gara dadin. Gainera, alkatearen irudiko, Ugaldea oso ondo kokatuta dago, “toki estrategikoan”, eta potentzial handia izan dezake etorkizunean, jarduera sozio-ekonomiko berriak erakartzeko. “hori ez zaio soilik bertako enpresari eta jabeei interesatzen. Interes kolektiboa du, eta herri osoari egingo dio mesede”. Horregatik, goraipatu egin du udala eta jabeen arteko elkarlana, eta etorkizunean bide horretan jarraitzeko deia egin du.