Albisteak

Atzealdea

UEMAko Berripapera Usurbilgo etxeetan banatzen ari dira

2017ko abenduko zenbakia da argitaratu berri dena, eta egunotan ari dira zabaltzen UEMAko herrietan.

2017·12·29


Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak urtean bi aldiz paperean argitaratzen duen aldizkariaren zenbaki berria kalean da. UEMAko kide diren udaletako etxe guztietara banatzen da Berripapera. 99.000 aleko tirada izan du zenbaki honek. 2017ko uztaileko zenbakia da argitaratu berri dena, eta egunotan ari dira zabaltzen UEMAko herrietan.

uema.eus webgunean eta sare bideetan UEMAren jarduna jarraitzeko modua baldin badago ere, oraindik herritarren zati handi batengana heltzeko ezinbestekoa da informazioa paperean argitaratzea eta etxeraino banatzea. Helburu horrekin sortu zen UEMAren Berripapera, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen ildo eta ekimen nabarmenenak zabaltzeko.

2017ko uztaileko zenbaki honetan, azaroaren 22an, Donostian egindako Arnasguneak eta udalerri euskaldunak: gaurko eta biharko erronkak jardunaldiez dihardu. Jardunaldia hori UEMAk eta Soziolinguistika Klusterrak elkarlanean antolatu zuten, EHUren eta UEUren laguntzarekin eta Eusko Jaurlaritzaren babesarekin. Bertan bildutako euskara teknikariak, udal ordezkariak, ikerlariak eta euskararen biziberritzean aritzen diren profesionalak, udalerri euskaldunek dituzten erronken inguruan aritu ziren. Josu Labaka UEMAko lehendakariaren hitzetan, “eredu izatea eta aitzindaritza aitortu izan zaie udalerri euskaldunei. Trenaren lokomotora dira. Trenaren lokomotora gara. Gainerako bagoi guztiei bidea zabaltzen diena. Baina lokomotora ere gelditu egiten da ikatzik edo energiarik ezean. Ezinbestekoa da lokomotora elikatzea. Harrotasunez, baina baita dagokigun arduraz ere, euskarari egurra eman behar diogu. Lokomotorak indarra izan dezan, noranahi heldu ahal izateko”.

Bestalde, UEMAko herrien kale-erabileraren emaitzak ere ematen ditu argitara zenbaki honek. Izan ere, UEMAk eskatuta, euskararen kaleko erabilera neurtu du Soziolinguistika Klusterrak UEMAko kide diren herri askotan eta Tolosaldeko herrietan. Aztertutako 76 udalerrietan, solaskideen %65 entzun dute euskaraz. Euskaldunak %80tik gora diren herrietan, erabilera asko igotzen da gainerakoen aldean. Demografikoki edo biztanleria aldetik, berriz, zenbat eta herri handiagoa izan, kaleko erabilera txikiagoa da.