Eduki publikatzailea

Atzealdea

Udazkenean dator Udalberri.

Udalberriko lehen zenbakian kaleratutako idatzia

2017·12·07


Urte sasoiak ilunetik gehiago duenean argitik baino, argi izpi baten antzera sartu nahi du Udalberrik Usurbilgo sukalde txokoetan.

Arin, erraz eta eroso iritsi nahi du Udalberrik herritarrongana, udal informazioa zuzenean esku-eskura jartzeko. Badakigu udalak lantzen dituen hainbat kontu nekez iristen direla herritarrongana. Informazioa bor-bor dabilen honetan, axaleko hamaika arinkeria iristen zaizkigu, baina kontu jakingarri asko geratzen dira bidean.

Aldi berean, herritarroi aukera eskaini nahi dizue zuen esatekoak Udalera bideratzeko. Izan ere, jaso eta eman, bi noranzko ditu komunikazioak, eta biak lantzea da helburua.

Udalberri komunikazio-tresna da eta, erreminta guztiak bezala, ibiliak erakutsiko du zenbateraino den egoki. Guk, hasteko, ilusio handiz heltzen diogu egitasmo honi, behar bati erantzuten diolako, eta hutsune handi bat bete dezakeelako.

Alkatearen txoko hau egokitu zait, nire izenean aritzeko Udalberriren barnean. Gustura erabiliko dut espazio hau nire zereginari dagozkionak zuenganatzeko.

Lehenengo ale honetan, eta oso labur bada ere, aipatu nahi nuke herria astindu duen gastroenteritisa. Denok ukitu gaitu, eta kontu serioa izan da. Zabalkunde izugarria izan du gaiak komunikabideetan. Gaur egun, aurretik esandakoez gain, ez daukagu informazio berririk.

Egoera bere onera itzuli den honetan, udalak lan-batzorde bat eratu du gertatutakoaren ikerketan sakontzeko, eta etorkizunari begira neurri egokiak hartzeko. Ur edangarria eta kalitate handikoa dugu Usurbilgo iturri guztietan, eta ohitura ona da iturritik ura edatea.

Une gogorretan probatzen da herri baten izaera, eta benetan eredugarria izan da usurbildarrok erakutsi duzuen jarrera eta portaera.