Albisteak
Atzealdea

Udaleko talde politikoen eta zinegotzien ordainsariak aurreko legealdiko berak izango dira

Atzo arratsaldean egin zuen udalbatzak osoko bilkura, eta udaleko talde politikoen ordainsariak eta zinegotzien dietak izan zituzten hizpide. Udal-gobernuak aurreko legealdiko ordainsariak mantentzea proposatu zuen, aldaketarik edota igoerarik izateko arrazoirik ez dagoela argudiatuta. Halaber, Nafarroako erdialdean berriki izan diren uholde larriak direla eta, hango udalei mila euroko dirulaguntza ematea onartu zuen, kalteei aurre egin ahal izateko. Bestalde, Agurtzane Solaberrieta alkateak jakinarazi zuen, udal-gobernuak beste mila euroko dirulaguntza emango diola Pheland McDermid elkarteari. Uztailaren 6an Uxue Trail herri-lasterketa solidarioarekin bat egin nahi izan du Udalak, eta bere ekarpena egin.

2019·07·24


Atzo arratsaldean egin zuen Usurbilgo udalbatzak osoko bilkura, eta honako erabaki hauek hartu zituen:

1) EAJ/PNV udal-taldeko zerrendaburuari arduraldi partziala ematea, eta 13. maila izatea.

2) Udaleko talde politikoen eta zinegotzien ordainsariak erabaki ziren. Hala, udal-gobernuak aurreko legealdiko ordainsari berak proposatu zituen: zinegotzi bakoitzeko 1.320 euro urtean; talde politiko bakoitzeko 4.800 euro urtean; eta, dedikaziorik ez duten zinegotziei 50 euroko dieta ematea, plenoetara, tokiko gobernu batzordeetara eta batzorde informatzaileetara bertaratzeagatik.

3) Hiri Antolamenduko Arau subsidiarioetako A-96 (Portalmusu) eta A-97 (Komentua) eremuetako kontzertazio-hitzarmena behin-betikoz onartzea. Matiak Kalezarren egin asmo duen adinekoentzako auzune berriko tramitazio urbanistikoan beste urrats bat gehiago eman zen, beraz, atzo.

4) Zumarte Musika Eskola birgaitu eta handitzeko obren exekuzio-epealdia 22 astez luzatzea.

5) EHbilduko udal-gobernuak Nafarroako erdialdean berriki izan diren uholde larriak direla-eta mozioa aurkeztu zuen, eta hauxe onartu zuten: Nafarroako erdialdean gertatutako euriteen eta uholdeen ondorioz kaltetutako herritarrei eta udalerriei elkartasuna adierazi zaie, eta, bereziki, Zeru Cañada Zorrillaren senitartekoei. Horretaz gain, uholdeek eragindako kalteei aurre egiteko, mila euroko dirulaguntza ematea onartu zen.

6) Galdera-eskaera txandan, udal-gobernuak jakinarazi zuen beste mila euroko dirulaguntza emango diola Usurbilgo Udalak Pheland McDermid elkarteari. Uztailaren 6an Uxue Trail herri-lasterketa solidarioarekin bat egin nahi izan du Udalak, eta bere ekarpena egin. "Uxue herritarra da, eta gaixotasun arraroa du. Herrian elkartasun-uholde handi bat sortu da eta guk ere bat egin nahi dugu elkartasun horrekin eta gure ekarpena egin", adierazi zuen Agurtzane Solaberrieta alkateak.