Eduki publikatzailea
Atzealdea

Udalbatzak Diputazioari eskatu dio pinuen gaitzaren kontrako airezko tratamendu kimikorik ez egiteko Usurbilgo udalerrian

Gaur arratsaldeko osoko bilkuran gai bakarra landu da: pinuen gaitza. Mozio bana aurkeztu dute EHBilduk eta EAJk, eta egoerari aurre egiteko ikuspegi kontrajarriak azaleratu dira. EHBilduk airezko tratamendu kimikorik ez egiteko eskatu duen bitartean, EAJk horren defentsa egin du, “besterik ezean”. EHBilduren mozioak egin du aurrera, baina EAJk eta PSEk aurka bozkatu dute.

2019·01·29


Gaur arratsaldeko osoko bilkuran pinuak jasaten ari diren banda marroiaren gaitza izan dute hizpide udalbatza osatzen duten alderdiek. Bi mozio izan dituzte mahai gainean: bata EHBilduk aurkeztutakoa, eta bestea EAJk aurkeztutakoa, kontramozio gisara. Izan ere, nabarmen geratu da biek ala biek oso ikuspegi ezberdina dutela bai gaitzaren jatorriaz, bai konponbideaz edota pinuei egin beharreko tratamenduaz. EHBilduren esanetan, azken urteetan egin den ustiaketak eta baso-politikak eragin du gaitza: “Gure lurraldean, baso eremuaren % 38 inguru pinu insignisa da, eta espezie horren monolaborantzak eta bere ustiaketa intentsiboak, urteen poderioz, espeziea ahultzea ekarri dute. Gipuzkoako insignis landaketen % 50tik gora banda marroi gaixotasunak jota dago”. EAJ, ordea, ez dator bat horrekin. Basoaren eta pinuaren “garrantzia sozioekonomikoa eta ingurugirokoa” aintzat hartzeko eta jasaten ari den galeraren aurrean laguntzeko eskatu du, “baso sektore osasuntsu bat izaten jarraitzeko”. Banda marroia gaitzaren erasoa denontzako “sorpresa” izan dela dio EAJk, gaitza azkar eta modu erasokorrean hedatu dela, eta, “ezer egin ezean”, hurrengo 4-5 urteetan Gipuzkoako pinu guztiak igartzeko arriskua dagoela ohartarazi du.

Fumigazioa bai ala ez

Gaitzari aurre egiteko tratamenduan ere ez datoz bat. Foru Aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak pinuak masiboki tratatu nahi dituzte. Madrilgo Gobernuari egin diote eskaera airezko tratamendua egiteko. Zain daude. Hain zuzen, EHBildu horren aurka dago fumigazioak “kalteak” eragin ditzakeelako ingurumenean zein pertsonengan, eta, gainera, tratamenduaren eraginkortasuna bera ere “zalantzan” dagoelako. “Inon ez da tratamendu mota hau erabili gaitz honi aurre egiteko”, azaldu du Joxe Mari Iribar Nekazaritzako zinegotziak. Haatik, EAJk Pinuaren Gaitzari Aurre Egiteko Euskal Planaren defentsa egin du bere idatzian. Plan horrek, beste hainbat ekintzen artean, gaitzari aurre egiteko airezko tratamendua aurreikusten du, “beti ere horretarako dagokion baimena lortzen bada”. EAJren esanetan, tratamendua egiteko produktua gaur egun nekazaritzan erabiltzen da, baita nekazaritza ekologikoan ere. “Baimena lortzeko prozedurak berak bermatzen du ingurugiroari eta pertsonen osasunari ez diotela kalterik egiten”.

Eztabaidaren ostean, mozioak bozkatu dituzte, eta EHBildurenak egin du aurrera, bere aldeko botoekin. EAJk eta PSEk aurka bozkatu dute. Mozio honetan bi eskaera egiten dira. Alde batetik esaten da basoen kudeaketa interes publikoan eta baliabide naturalen defentsan oinarritzea ezinbestekoa dela, eta, bestetik, Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatzen dio Usurbilgo udalerri osoan pinuen gaitzaren kontrako airezko tratamendu kimikorik ez egiteko.

Hauxe EHbilduren mozioa

Hauxe EAJren mozioa