Albisteak

Atzealdea

Udalak bilera egin du Aldundiarekin, Ugaldeako lanek herritarrei eragin ahal dizkien ondorioak gutxitzeko

Aste honetan hasi ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak Ugaldea industriaguneko sarrera konpontzeko lanak, Udalari aurrez ezer esan gabe. Horren ondorioz, Udalak ezin izan die aurrez herritarrei jakinarazi lanek zirkulazioan nola eragingo duten. Halakorik berriz ez gertatzeko, bilera egin dute Udalak eta obra zuzendaritzak.

2017·11·09


Ugaldea industriaguneko sarrera hobetzeko lanak hasi zituen astelehen goizean Gipuzkoako Foru Aldundiak. Lan horien bidez, konponbidean jarri nahi dira Ugaldeara sartzeko gaur egun dauden arazoak. Izan ere, sarrera arriskutsua du industriagune horrek, eta aspaldiko eskakizuna da Usurbilen sarrera hori hobetzea. Hala, hirugarren erreila egingo dute, industriagunera sartzeko itxaroteko erreila izango dena. Lanek bi hilabete iraungo dutela jakinarazi du Gipuzkoako Bide Azpiegituretako Departamenduak, eta lanen kostua 112.648,35 €-koa izango da.

 

Usurbilgo Udalak egitasmo horren berri bazuen, izan ere, udal gobernuak sarri eskatu izan dio Diputazioari sarrera hori konpontzeko. Lan horiek lehenbailehen hasteko indarra egin du Udalak. Eta, ondorioz, begi onez ikusten duen obra da. Haatik, Udalak ez zekien noiz eta nola hasiko ziren lan horiek, eta sorpresaz hartu du lanak, aurrez ezer esan gabe, hasi izana. Horrexegatik, kexa agertu du Diputazioan, eta obrako zuzendaritzarekin bildu dira udal langileak, lanek usurbildarrengan ahalik eta eragin txikiena izan dezaten. Zehazki, bi aukera luzatu dizkiote obra zuzendaritzari: zirkulazio handia egoten den orduetan lanak eteteko, batez ere 8:00etatik 9:00ak artean, edota lanak gauez egitea. Bigarren aukera hori ez du ontzat jo obra zuzendaritzak, eta lehen aukera aztertzeko konpromisoa hartu dute.

 

Edonola ere, berriz halakorik ez errepikatzeko eskatu diote bilera horretan, izan ere, astelehenean gertatu ziren erretentzioak eta ezustekoak ezin dutelako berriz gertatu. Zirkulazioan ahalik eta eragin txikiena izan dezan, aurrez abisatzeko eta udaltzainak jakinaren gainean jartzeko eskatu zaie.