Eduki publikatzailea
Atzealdea

Txirikorda, belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioa

1
Ugartondoko urbanizazio berrian Udalak eskuratuko duen eraikin publikoan belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioa sustatuko du Usurbilgo Udalak. Herriko gazte eta adinekoei zuzendutako bizigunea izango da: emantzipatu nahi duten gazteak eta konpainian beren neurriko apartamentua nahi duten edadekoak izango dira erabiltzaileak. Proiektuaren nondik norako guztiak zehazteko, azken hilabeteotan parte-hartze prozesu bat burutu da gazteekin eta adinekoekin, eta, hain justu, gaur goizean egindako saioan aurkeztu da proiektua. Guztira, 16 etxebizitza eraikiko dira eta 2021ean egongo da martxan. Proiektua berritzailea da guztiz, mota honetako etxebizitza proiekturik ez baitago Euskal Herrian.

2019·05·04


Txirikorda belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioaren proiektua definitzeko prozesuak egin du bere bidea, eta gaur egindako saioan aurkeztu dute prozesuaren emaitza Usurbilgo Udalak eta prozesua dinamizatu duen Hiritik AT kooperatibak. Prozesuan parte hartu duten gazteak eta adinekoak ere bertan izan dira, azken batean, eurak izan baitira proiektuari mamia eta edukiak jarri dizkiotenak. Parte-hartzaileen irudiko, emaitza bera bezain garrantzitsua izan da elkarrekin egin duten bidea. Elkarlanean aritu dira proiektuaren definizioan, hots, bizikide izango direnen artean egin dute bidea. Horregatik, prozesua guztiz ilusionagarria eta emankorra izan dela nabarmendu dute, eta proposamen berritzailea eta ausarta osatu dutela guztien artean. Izan ere, Txirikorda Euskal Herriko lehenengo belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioa izango da.

 

Honela bada, hauek dira proiektuaren eduki nagusiak:

 

 

  • Testuingurua: Zergatik Txirikorda?

Gaur egungo etxebizitza-ereduak eta bere prezioek ez diete erantzuten jendartearen beharrei, eta horren aurrean beharrezkoa da eredu berriak diseinatu eta inplementatzea, izaera publiko-komunitarioa izango duten etxebizitza-ereduak sustatuz.

 

Gainera, Udalak berriki egin du behar sozialen gaineko azterketa bat, eta ondorioztatu du badirela bi behar elkarren osagarri izan daitezkeenak. Batetik, ikusi du gazteei emantzipatzeko aukera erraztu beharra dagoela, izan ere, zoritxarrez, gazte askorentzat oso zail da gurasoen etxetik aldentzea. Gaur egun, etxebizitzen prezioak eta baldintzak batetik eta lan prekarietatea bestetik, asko eta asko dira gurasoen aterpetik atera ezinda daudenak, edo ikasketa-garaiak amaituta, gurasoen etxera itzuli behar izaten dutenak, bestelako aukerarik gabe. Eta, noski, emantzipatu gabe, nekeza da bizi-proiektu propioa garatzea. Eta, bestetik, edadekoen artean nabarmen ikusi da badagoela bizitoki egokiaren premia: ez dira gutxi beren gaur egungo etxean bakarrik sentitzen direnak, etxera eroso iristeko edo etxean eroso mugitzeko arazoak dituztenak, etxea handi geratzen zaienak, etxean gustura ez eta beste inora joateko aukerarik ez dutenak. Ez dira gutxi gaur egun, eta ez dira gutxiago izango etorkizunean. Usurbilen, gaur egun, 65 urtetik gorako herritarrak % 19 inguru dira. Menpekotasun arazorik ez duten adinekoentzat zuzenduta dago.

 

Horrela bada, Udalak erabaki zuen Ugartondoko urbanizazio berrian lortuko duen ekipamendu publikoak emantzipatu nahi duten gazteei eta konpainian beren neurriko apartamentua nahi duten edadekoei, biei, erantzun beharko liekeela. Bi behar horiei erantzun bateratua eman nahi izan die, hortaz, Udalak. Gainera, Udalaren irudiko, bi kolektibo horiek bateratzeak badu indar gehigarri bat. Gazteen eta edadekoen bizikidetza aberasgarria da bi kolektiboentzat.

 

Hala bada, hona hemen nabarmendu beharreko edukiak:

 

  • Parte hartzeko prozesua:

Prozesua inklusiboa, horizontala, kolektiboa, autogestionatua, autonomoa... izan da, eta bizikidetza, gazte eta helduen arteko zubi-lana, bizi eredu berriez aritzeko eta elkarrekin ikasteko balio izan da. Hitz batean, ilusionagarria izan da, guztiz.

Lau lansaiotan banatu da prozesua: proiektuaren izaera definitzetik hasi, bertan sartzeko baldintzak definitu, eraikinaren diseinua gauzatu eta funtzio eta elkarbizitza-gakoak definituz eman zaio bukaera. Saio guztien ondoren, lanketa eta berrespena egin da udal-arduradunekin, hurrengo fasea oinarri sendo baten gainean eraikitzeko.

 

  • Etxebizitza kopurua: 16 etxe.

     

  • Jabegoa: Usurbilgo Udala

     

  • Sarrera-baldintzak: Baldintza orokorrak

     

    • Errolda: beharrezkoa izango da hiru urtez Usurbilen erroldatuta izatea.
    • Belaunaldien arteko oreka: Adin arteko oreka lehenetsiko da, ondorioz, eskaeren arabera, portzentajea aldagarria izan daiteke.
    • Generoa: Neurri zuzentzaileak aztertuko dira etorkizunean, beharrezkoa izanez gero.
    • Formazioa: Txirikordan etxebizitzarako aukera izateko, Udaletik eskainiko den formazioa egitea ezinbestekoa izango da

       

  • Gazteentzako sarrera-baldintzak

     

    • Adina: 18-30 urte bitartean, horiek barne.
    • Egonaldia: egonaldi mugatua izango dute.
    • Errenta: Diru-sarreren araberakoa izango da errenta, hau da, diru-sarreren % 15. Diru-sarrera finkorik ez daukatenen kasuan, solbentzia ekonomikoa justifikatu beharko da, eta gutxieneko errenta minimo bat ezarriko da gastuak estaltzeko.
    • Jabetza: Ezingo dute etxebizitzarik izan jabetzan

 

  • Adinekoentzako sarrera-baldintzak

     

    • Adina: 60 urte eta hortik gorakoak.
    • Egonaldia: Egonaldi mugagabea izango dute, beti ere ez dependienteak diren bitartean.
    • Errenta: Pentsioaren araberakoa izango da.
    • Jabetza: Jabegoa izatekotan, konpromiso bat sinatu beharko dute eta urtebeteko epea izango dute beraien etxebizitzak erabilera duela justifikatzeko, hau da, hutsik ez dagoela justifikatzeko.

       

  • Komunitatean bizi: proposamenetatik konpromisoetara
Prozesuan zehar landutako kontzeptu bat komunitatearena izan da. Herritarrek espazioan harremantzeko erak eta aurrera eramateko ekintza ezberdinak proposatu dituzte. Honako konpromiso hauek zehaztu dira, esate baterako:

 

  • Barne mailako jarduerak: Afari tertuliak, barne zaintzarako ikastaroak, bizilagunen gaitasunak partekatzea...
  • Antolaketa-guneak: Gune autogestionatua izan behar da, gune nagusia batzarra izango da, aurrez formazioa jaso behar dute erabiltzaile berriek...
  • Elkarbizitzarako arauak: garbitasuna mantendu, balorazio-saioetan parte hartu,...
  • Kontsumo kolektiboak: KM0 eta ekonomia zirkularra, energia jasangarria, ...
  • Kanpora begirako jarduerak: tailerrak, tertuliak edota zine-forum irekiak egin, jangela ireki kanpokoentzat...

 

  • Espazioa:

     

    • Pribatua: Norberak bere espazio pribatua izango du, norberaren beharrak asetzeko moduan. Apartamendu pribatuak honela osatuko dira: sukaldea, bainugela, egongela eta logela.
    • Komunitarioa: Behar kolektibo eta belaunaldiarteko elkarbizitza bultzatzeko helburuz diseinatu da. Honako espazioak izango dira komunitarioak: egongela, sukaldea, jangela, garbiketa-gela, erabilera anitzeko-gela eta terraza.

       

1