Albisteak

Atzealdea

Turismo-eskaintza osatzeko gogoeta-aldia irekiko du udalak eragile pribatu eta herritarrekin

Orain arte egin dena abiapuntu gisa hartuta, turismoaren gaineko estrategia eta horren araberako ekintza-plana osatu nahi du Usurbilgo Udalak. Gogoeta hori baina, herriko eragile pribatu eta herritarrekin batera egin nahi du: “Turismo-eskaintza ez da goitik behera eraiki behar, usurbildar guztiok eroso egoteko moduko estrategia diseinatu behar dugu”. Hori dinamizatzeko ardura Ereiten Kultur Zerbitzuak eta Lurmetrika enpresek izango dute.

2018·02·08


Usurbilgo Udalak gogoeta-aldi bat zabalduko du Usurbilek izan beharreko turismo-eredu eta eskaintza diseinatzeko helburuz, eta lanketa hori herriko eragile pribatu, kultura-eragile zein norbanakoekin batera egin nahi du. Hain justu, gaur goizean egin dute asmo hori aurkezteko prentsaurrekoa Xabier Arregi alkateak eta Alaitz Aizpurua Tokiko Garapen Ekonomikorako zinegotziak, gogoeta-aldi hori dinamizatuko duten enpresetako ordezkariekin batera, Aurkene Alzua Lurmetrikako teknikariarekin eta David Zapirain Ereiten Kultur Zerbitzuak enpresako kidearekin batera. Xabier Arregi alkateak azaldu bezala, osaketa horrek erakusten du udalak turismoaz duen ikuspegia: “Bi enpresa horiek kultura-arloa eta aspektu soziala lantzen dituzte, eta, gure ustez, turismoa jarduera sozioekonomiko bat da. Jarduera ekonomiko garrantzitsu bat da, baina arlo soziala ere barnebildu behar du”.

Usurbilgo Udala ez da hutsetik abiatzen langintza honetan. Lehen ere ahaleginak egin izan dira gure herrira bisitariak erakartzeko, bai eremu pribatutik bai eremu publikotik, baina orain beste bultzada bat eman nahi zaio. Turismoari ikuspegi integraletik so egin, eta honako galdera hauek erantzun nahi dira: Nola ulertzen dugu turismoa? Nola egikarituko dugu turismo-eskaintza Usurbilen? Zer bisitari mota erakarri nahi ditugu?

Xabier Arregi alkatearen esanetan, turismoa interakzioa da. Herrira etorriko denaren eta herritarren arteko hartu-emana sustatuko duen jarduera izan behar du. Elkar aberasteko tresna. Baina, nabarmendu duenez, edozerk ez du balio turismoa erakartzeko: “Jendea erakarri nahi dugu, badugulako zer erakutsi, baina gure nortasuna babestuz eta horri tinko eutsiz”. Hain zuzen, Arregiren ustez, gure herri-izaera eta baloreak dira bereizten gaituztenak, eta horietan oinarrituz, eskaintza oparoa eta aberatsa du Usurbilek. “Ez dugu masifikaziorik nahi. Gure inguruan, Donostia eta kostaldea izanik, destino turistiko ugari daude. Baina, Usurbilen bisitariak beste zerbait topatuko du, eta, ondorioz, gure eskaintza osagarria da”.

Slow kultura

Usurbilgo turismo-eskaintza diseinatzeko, bi ardatz hartuko dira oinarri gisa. Batetik, arte garaikidea. Hain zuzen, hori oinarri hartuta osatu zen iaz Harria Hitz ibilbidea. “Tradizioa eta modernitatearen arteko trantsizioa erakusten du oso modu grafikoan ibilbide horrek. 60. hamarkadan izan zen kultur eztandak gurean nola eragin zuen eta nola ari den eragiten”. Bestetik, slow kultura kontzeptua txertatu nahi da, hots, fast denaren aurkakoa: “Kontsumitu-bota kulturaren aurkakoa da. Usurbilen esperientzia pausatua izateko aukera eskaintzen dugu, gure paisaiak, ibaiak, erriberek... horretarako aukera paregabea eskaintzen dutelako”. Eta, hirugarrenik, gure kulturaren eta herriaren parte diren sagardoa eta angula erakutsi nahi dira. “Horiek dira gure bereizgarriak”.

Herritarrekin batera

Orain arte egin dena gizarteratu eta eskaintza berriaren nondik norakoak herriko eragileekin batera adostu nahi dira. Alaitz Aizpurua zinegotziak azaldu bezala, “turismo-eskaintza ez da goitik behera egiten, guztiok eroso egongo garen errelatoa eta estrategia osatu behar dugu”. Bitarteko ugari egongo dira horretarako. Batetik, hainbat jardunaldi antolatuko dira interes-talde edota turismo eragileekin. Topaketa horiek honako egunetan egingo dira:

  • Otsailak 28, asteazkena, 10:00etan Zerbitzuekin bilera, Potxoenean
  • Martxoak 1, osteguna, 18:00etan Kulturako eragileekin bilera, Potxoenean

Horretaz gainera, udalaren webgunean inkesta bat jarriko da martxan, herritarren iritziak eta ekarpenak jasotzeko.

Ekarpen horiekin guztiekin, ekintza-plan bat osatuko da. Hain zuzen, horren ardura Lurmetrika eta Ereiten enpresek izango dute. Eurek dinamizatuko dute prozesua. David Zapirain Ereiteneko kideak azpimarratu duenez, “udalak azaltzen duen ikuspegia berria da, berritzailea”. “Etorri, ezagutu eta zerbait eraman. Zer eraman da erabaki behar duguna. Kultura eta bere ingurune pasaijistikoa oinarri, Usurbilek badu zer kontatu, zer konpartitu. Gainera, Zapirainen esanetan, Usurbilgo Udala etorkizunari begira ari da lanean: Nola proiektatu nahi dugu Usurbil? Abiapuntua argia bezain interesgarria deritzo: Usurbil eta usurbildarrak. “Mandatua jaso dugu, orain proposamena taxutuko dugu”.

Aurkene Alzua Lurmetrikako teknikariak, bere aldetik, argitu du Usurbilek baduela turismoaren merkatuan tokirik. “Singularitatea bilatu nahi dugu, ez baitugu beste bat gehiago izan nahi. Euskal kulturak, euskarak, arte garaikideak, gure paisaiak... merkatuan azaltzeko aukerak ematen dizkigu, baina gure modura”. Arzuaren esanetan, egun halako proposamenik ez dago: “Bakarra da eta berritzailea”. Eskaintza adimentsua izateko bokazioa ere badu. Berritzailea egiteko eran. Izan ere, teknologia berriek ematen dituzten aukerak baliatu nahi dituzte.