Eduki publikatzailea
Atzealdea

Troiako tren-pasagunean barrerak jartzeko lanak hasi ditu ETS-k

ETS Euskal Trenbide Sarea Troiako tren-pasabidean barrerak jartzeko lanean ari da egunotan. Tren-pasaguneetako segurtasuna bermatzea erakunde horri dagokio, eta bere kabuz ekin die lanoi. Horren aurrean Usurbilgo Udalak adierazi nahi du irtenbide hori ez dela bere gustukoa, proiektu orokorragoa lehenetsi baitu beti, hau da, edozein dela ere soluzioa, soluzio horrek oinezkoen eta bizikleten zirkulazio segurua eta egokia ahalbidetu behar duelako, bai N-634 errepidean, bai trenbidean, bai eta Ugaldea industriagunerako igarobidean. “Edonola ere, hobe barrerak jartzea, orain arte jarraitzea baino, izan ere, garrantzitsuena oinezkoen eta txirrindularien segurtasuna da”.

2019·02·21


ETS Euskal Trenbide Sarea obrak egiten ari da egunotan Troia inguruan, tren-pasabidean barrerak jartzeko. Hain zuzen, erakunde horren egitekoa da Euskal Autonomia Erkidegoaren esku dauden trenbide azpiegiturak eraikitzea, mantenu lanak egitea eta kudeatzea. Horrenbestez, baita tren-pasaguneetako segurtasuna bermatzea ere. Egun gutxi barru bukatuko dituzte lanok.

Usurbilgo Udalak behin eta berriz adierazi izan du hori ez dela Troiako pasaguneak behar duen soluzioa. Udalarentzat ezinbestekoa da Troiako pasabidearen gaiari modu integralean heltzea, eta soluzioak, edozein dela ere, oinezkoen eta bizikleten zirkulazio segurua eta egokia ahalbidetzea, bai N-634 errepidean, bai trenbidean, bai eta Ugaldea industriagunerako igarobidean. Norabide horretan aritu da beti lanean udal-gobernua, gai honetan eskumena duten erakundeen arteko koordinazioa eta elkarlana lehenetsiz. Beste erakundeen aldetik ez da egon horretarako prestutasunik, eta bakoitza bere eskumenekoa den alorrari dagokion soluzioa bilatu du. Esaten dugunaren isla da ETS barrerak jartzen hastea, beste erakundeekin, Diputazioarekin kasu, koordinatu gabe.

Edonola ere, udalaren iritziz, hobe zerbait egitea dagoen bezala uztea baino, azken batean, oinezkoen eta bizikleten segurtasuna baitago jokoan. “Behin-behineko soluzioa behar du, eta ez behin-betikoa. Hala izan dadin lanean jarraituko dugu, orain arte bezala”, azpimarratu du Xabier Arregi alkateak.