Albisteak

Atzealdea

Tratu txarren aurkako Protokoloa sinatu du Usurbilgo Udalak

2011ean abian jarritako prozesua erakunde ezberdinen arteko elkarlanari esker eraman da aurrera. Sinadura ekitaldian Xabier Arregi alkatea, Jose Manuel Ladron de Guevara Donostialdeako ESI-ko zuzendaria eta Karmelo Martinez Sarobe Hernaniko Ertzain-etxeko burua izan dira.

2016·06·07


Genero indarkeriaren eta sexu erasoen biktima diren emakumeei arreta hobea eman asmoz, erakundeen arteko jarduerarako eta koordinaziorako I. Udal protokoloa izenpetu eta onartu da asteazken honetan Usurbilen. Sinadura ekitaldian erakunde ezberdinen konpromisoa jasotzen duen agiria izenpetu dute Xabier Arregui Usurbilgo alkateak, Jose Manuel Ladron de Guevara Donostialdeako ESI ko zuzendari gerente-arduradunak, eta Karmelo Martinez Sarobe Hernaniko Ertzain-etxeko buruak, protokoloan jasotzen diren jarduera guztiak egiteko konpromisoa hartuz.

Tokiko protokolo honen helburua indarkeria egoeren detekzioa eta arretan ematen den erakundeen arteko koordinazio eta jarraipena ahalik eta egokiena izatea bermatzea da, beti ere emakume bakoitzaren nahiak eta egoera kontuan hartuta.

Protokoloak hurrengo atal nagusiak jasotzen ditu;

- Genero indarkeriaren eta sexu erasoen biktima diren emakumeei laguntzeko eta esku hartzeko printzipio nagusiak.

- Genero indarkeria eta sexu eraso kasuetan koordinatzeko prozedurak

- Erakundeen arteko koordinazioa

- Udalaren adierazpenak eta ekintza publikoak

- Usurbilen genero indarkeriaren edo sexu erasoen ondorio emakume bat erahilko balute udalak jarraitu beharreko prozedura

2011ean abian jarritako prozesua erakunde ezberdinen arteko elkarlanari esker eraman da aurrera. Elkarlan hori ofizial egin eta zein garrantzitsua den plazaratzeko asmoz elkartu dira gaur erakunde bakoitzeko ordezkariak Usurbilgo Udaletxean.

I. Protokoloaren edukien jarraipena eta ebaluazioa egiteko, erakunde bakoitzeko ordezkariekin koordinazio mahai teknikoa osatuko da, bertan berrikusi eta antzemandako beharrei egokituz joango dira, protokoloak etengabe hobetzeko helburua duelako.

Aurrekariak

EAEko VI. Berdintasun planaren esku hartzeko III Ardatza, emakumeen aurkako indarkeria desagerraraztea da. Ardatz honen baitan bi programa jasotzen dira: Sentsibilizazioa eta prebentzioa eta detekzioa eta arreta

Usurbilgo udalarentzat indarkeria desagerrarazteko bi programa hauek lehentasuna dute; Sentsibilizazioa eta prebentzioan, urteetan zehar gauzatutako herritar guztiei zuzendutako sentsibilizazio ekintzak, edota emakumeen jabekuntza eta partaidetza sustatzeko antolatutako jabekuntza eskola, edota hezkuntza alorrean hezkidetza programa, horren adierazle dira.

Detekzioa eta Arretan berriz, Usurbilgo Udaleko emakume eta gizonen berdintasunerako I.Planean, indarkeria desagerrarazteko ardatza txertatzen da planak jasotzen dituen esku hartze arlo guztietan.

-Emakumeen aurkako indarkeria eta sexu erasoak prebenitzeko eta arreta hobetzeko Tokiko protokoloa lantzea eta garatzea

- Emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko Tokiko protokoloa lantzea, protokoloan inplikatutako eragile guztien parte hartzearekin, egoeraren azterketatik abiatuta (arreta hobetzeko beharren azterketa egin, zerbitzua eman edo jaso duten pertsonen iritziak jaso....)

- Tokiko protokoloa ezagutzera ematea; besteak beste gida bat sortuz

- Udalak landutako Protokoloa garatzea; Protokoloaren inguruan adostutako martxan jarriz, horretarako adostutako koordinazioko egiturekin batera.

- Protokoloan jasotakoak egin diren eta nola egin diren ebaluatzea.