Eduki publikatzailea

Atzealdea

Santixebeletako egitarauaren diseinua egiteko lehiaketa martxan jarri dute udalak eta jai-batzordeak

Geroz eta gutxiago falta da Santixabeletarako, eta, azken urteotako bideari jarraiki, jaietako egitarauaren diseinua egiteko lehiaketa abiatu dute udalak eta jai-batzordeak. Lehiaketa irabazten duenak 500 euroko saria jasoko du. Halaber, txupina nork bota proposatzeko epea ere zabaldu dute. Biak ala biak, maiatzaren 18a baino lehen egin beharko dira.

2018·04·20


Santixabel jaietarako motorrak martxan daude dagoeneko, eta jaiei lotutako bi ekimen jarri dituzte martxan Usurbilgo Udalak eta jai-batzordeak. Batetik, festetako egitarauaren diseinua egiteko lehiaketaren oinarriak onartu berritu dituzte, eta, horrenbestez, lehiaketan parte hartzeko epealdia hasi da. Bestetik, Santixabeletako txupinazoa nork bota proposatu ahal izango dute herritarrek aurten ere. Proposamena honako lekuetan utz daiteke: Potxoenean, udal liburutegian, Oiardo kiroldegian edo udaletxeko sarreran jarri diren hautetsontzietan. E-mailez ere igorri ahal izango da proposamena kultura@usurbil.eus helbidera. Maiatzaren 18an bukatuko da proposamenak egiteko epea.

Egitarauaren diseinua egiteko lehiaketari dagokionez, oinarrietan zehazten denez, lehiaketa publikoa eta irekia izango da. Lana originala eta argitaratu gabea izan behar du, eta ezingo du izan beste lan batzuen kopia. Lehiaketara norbanakoak zein taldeak aurkez daitezke. Taldean aurkeztuz gero, taldekide bat izendatuko da lanaren arduradun. Nahi adina lan aurkez daitezke.

Lehiaketa irabazten duenak 500 euroko saria jasoko du. Lanak maiatzaren 18a baino lehenago erregistratu behar dira Usurbilgo Udaleko erregistroan edota e-postaz bidali ahal izango dira, honako helbide honetara: kultura@usurbil.eus.

Hauexek dira kontuan hartu beharrekoak:

  • Egitarauaren diseinua egiteko, egitarauaren testua Potxoenea Kultur Etxean jaso behar da edo emailez eskatu kultura@usurbil.eus helbidean, eta testu horretan oinarrituta egingo da diseinua.

  • Horretaz gain, Usurbilgo Udaleko logoa ere eduki beharko du.

  • Jaietako egitaraua euskaraz egingo da. Lehiaketa irabazten duenak gaztelaniazko bertsio laburtua jasotzen duen tamaina txikiagoko eskuorria maketatu beharko du lehiaketa irabazi ondoren.

  • Lanaren neurria librea izango da.

  • Lanak euskarri digitalean eta paperean aurkeztu behar dira. Euskarri digitalean: CD edo pendrive batean, aurkeztu beharko da eta PDF formatuan egon behar du.

  • Lan irabazlea aukeratzerakoan, epaimahaiak kontuan izango du lana inprimatzeak izango duen kostua. Inprimaketa kostuak, beti ere, bat etorri behar du udalak aurreikusita duen aurrekontuarekin. Gehiegizko gastua lana baztertzeko arrazoia izan liteke.

  • Erabakia hartzeko orduan, garrantzi handia emango zaio, besteak beste, egitaraua erraz irakurtzeko modukoa izateari.

  • Proposamen bakoitzeko, bi kartazal aurkeztuko dira, –A eta B –, eta hauen kanpoaldean, ondoko datuok jasoko dira:

- Egilearen izengoitia

- A edo B kartazala den (kasuaren arabera).

- Santixabel egitarauaren lehiaketa.

 

A kartazala: aurkezleari buruzko datuak bilduko dira: izen-abizenak edo elkartearen izena, IFZ/IFK, helbidea, telefonoa, helbide elektronikoa eta hura identifikatzeko behar den beste edozein datu.

 

B kartazalean: proposatzen den diseinua joango da, euskarri digitalean eta paperean.

 

Kartazaletan eta B kartazaleko dokumentazioan izengoitia ez den beste izenik erabiltzen bada identifikatzeko, eta izen horrek parte-hartzailea zein den jakiteko bidea ematen badu, parte hartzaile hori lehiaketatik kanpo geldituko da.

  • Aurkeztutako lanetan hizkuntza eta irudien erabilera ez sexista bermatu behar da. Pertsonen irudiak erabiltzekotan, emakumeen eta gizonen presentzia modu orekatuan eta ez estereotipatuan islatu behar da. Izan ere, emakumezkoak eta gizonezkoak neurri berean ekintzaile eta protagonista modura agertu behar dira, 4/2005 Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legeak agintzen duen modura.

  • Saria eman gabe geratu ahal izango da, baldin eta aurkeztutako lanek ez badute behar besteko kalitaterik.

  • Hautatutako diseinuaren egileak Usurbilgo Udalari lagatzen dizkio ustiapen eskubideak.

  • Epaimahaia Santixabeletako jai-batzordeko bi kidek, diseinu arloan ezagutza duten bi kidek eta kultura-zinegotziak osatuko dute.

Lehiaketaren oinarriak esteka honetan dituzue ikusgai: