Eduki publikatzailea
Atzealdea

Santixebeletako egitarauaren diseinua egiteko eta Bertsopaper lehiaketak martxan jarri ditu Udalak

Geroz eta gutxiago falta da Santixabeletarako, eta, azken urteotako bideari jarraiki, jaiei lotutako lehiaketak martxan jarri dituzte Udalak eta jai-batzordeak: egitarauaren diseinua egiteko lehiaketa batetik, eta, XLIII. Santixabel Bertsopaper Lehiaketa, bestetik. Halaber, txupina nork bota proposatzeko epea ere zabaldu dute, eta maiatzaren 17an bukatuko da.

2019·04·09


Santixabel jaietarako motorrak martxan daude dagoeneko, eta jaiei lotutako hiru ekimen jarri dituzte martxan Usurbilgo Udalak eta jai-batzordeak. Batetik, festetako egitarauaren diseinua egiteko lehiaketaren oinarriak onartu berritu dituzte, eta, horrenbestez, lehiaketan parte hartzeko epealdia hasi da. Bestetik, Santixabeletako txupinazoa nork bota proposatu ahal izango dute herritarrek aurten ere. Eta, hirugarrenik, XLIII. Santixabel Bertsopaper Lehiaketa abiatu dute dute Bota Punttubak eta Usurbilgo Udalak.

Egitarauaren diseinua

Egitarauaren diseinua egiteko lehiaketari dagokionez, oinarrietan zehazten denez, lehiaketa publikoa eta irekia izango da. Lana originala eta argitaratu gabea izan behar du, eta ezingo du izan beste lan batzuen kopia. Lehiaketara norbanakoak zein taldeak aurkez daitezke. Taldean aurkeztuz gero, taldekide bat izendatuko da lanaren arduradun. Nahi adina lan aurkez daitezke.

Lehiaketa irabazten duenak 500 euroko saria jasoko du. Lanak maiatzaren 17a baino lehenago erregistratu behar dira Usurbilgo Udaleko erregistroan edota e-postaz bidali ahal izango dira, honako helbide honetara: kultura@usurbil.eus.

Hona hemen oinarriak:

Bertsopaper lehiaketa

Lehiaketa honetan 16 urtetik gorako usurbildarrek parte har dezakete. Lanek, gutxienez, 6 bertso izan beharko dituzte eta, gehienez, 10, eta ekainaren 21a baino lehen aurkeztu beharko dira. Sariak, berriz, honako hauek izango dira: 1go saria 200 euro eta oroigarria eta 2. saria 150 euro.

Hona hemen oinarriak:

Txupinazoa

Urtero bezala, aurten ere herritarrek erabakiko dute nork botako duen Santixabeletako txupinazoa. Izenak proposatzeko epea jada zabalik dago, eta proposamenak honako lekuetan utz daitezke: Potxoenean, udal liburutegian edo Oiardo kiroldegian jarri diren hautetsontzietan. Halaber, kultura@usurbil.eus helbidera ere igorri ahal izango dira. Maiatzaren 17an bukatuko da proposamenak egiteko epea.