Albisteak

Atzealdea

Santixabeletako egitarau lehiaketa eta txupinazoa nork bota proposamenak jasotzeko epeak zabalik

Animatu aurtengo Santixabel jaiei begira antolatu diren ekintzetan parte hartzera!

2016·04·14


2016ko Santixabel Jaiak direla eta, bi partehartze prozesu jarri ditu abian Usurbilgo Udalak, Santixabel Jai Batzordearekin elkarlanean: Santixabeletako egitarauaren diseinua egiteko lehiaketa, eta Santixabeletako txupinazoa nork bota proposamenak jasotzeko prozesu irekia.

Bietan lanak eta proposamenak jasotzeko epea maiatzaren 20an amaituko da.

Santixabeletako egitarauaren diseinuak jaietako egitarauan oinarritu behar du. Lanak originala izan behar du, aurrez argitaratu gabea. Nahi adina lan aurkez daitezke, banaka edo taldean. Neurria librea da, baina lanak euskarri digitalean eta paperean aurkeztu behar dira. Lehiaketari buruzko oinarriak kultura.usurbil.eus web orrian daude, eta kultura@usurbil.eus e-mailera idatzita ere eskura daitezke.

Bestalde, aurreko urteetan bezala, Santixabeletako Jai Batzordeak “Nork botako du txupinazoa?” ekintza jarri du martxan. Santixabel jaien hasiera ekitaldian nor omendu erabakitzeko herritarren proposamenak jaso nahi dira bertan. Proposamenak maiatzaren 20a baino lehenago helarazi behar dira kultura@usurbil.eus helbidera. Bestela, Sutegi liburutegian, Oiardo Kiroldegian edo Potxoenea Kultur Etxean jarri diren gutunontzietara ere zuzenean ekar daitezke. Nahikoa da orri batean proposamenaren berri ematea.

Edonork egin dezake proposamena. Ekimen honekin herri partaidetza sustatu nahi da.

Jasotzen diren proposamen guztiak kontuan izanda, Jai Batzordeak erabakiko du aurtengo txupinazoa nork botako duen.