Albisteak

Atzealdea

Pertsona nagusiei zuzendutako Eguneko Arreta zerbitzua abenduan jarri nahi du martxan Udalak

Pertsona nagusiei zuzendutako Eguneko Arreta zerbitzua abenduan jarri nahi du abian Udalak. Horregatik, zerbitzu horren erabiltzaile izan daitezkeen usurbildarrei gutuna bidali zaie aste honetan, zerbitzu horren inguruan interesa izanez gero, Gizarte Zerbitzuetara deitu (943 377110) edo bertaratu daitezen eskatuz. Zerbitzua martxan jartzeko, gutxieneko taldea osatu beharko da, sei lagunekoa, hain zuzen ere.

2017·11·24


Usurbilgo Udalak abenduan jarri nahi du martxan 65 urtetik gorakoei zuzendutako Eguneko Arreta Zerbitzua. Horretarako, zerbitzu horren erabiltzaileak izan daitezkeen usurbildar guztiei gutuna bidali die aste honetan Jone Urdanpilleta Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak, zerbitzuaren nondik norakoen berri emateko, eta, interesik balute, izena emateko. 65 urte edo gehiago izan eta mendekotasun maila txikia duten herritarrei zuzenduta dago. Zerbitzu horren bidez Usurbilgo Udalak kalitatezko bizitza bermatu nahi die pertsona nagusiei, eta mendekotasun arina duten adinekoei euren autonomiari eusten lagundu.

Hain zuzen, Usurbilgo 65 urtetik gorako herritarren egoera eta Udalak eskaintzen dituen zerbitzuen inguruko balorazioak eta pertzepzioak jaso asmoz, Aztikerrek, Usurbilgo Udalaren eskariz, ikerketa soziologiko bat egin zuen maiatza eta ekaina artean. 211 lagun galdekatu zituzten (1.141 dira 65 urtetik gorako usurbildarrak). Azterketa horrek datu esanguratsuak utzi zituen, besteak beste, honako hau: 65 urte edo gehiagoko usurbildarren erdiak baino gehiagok (%57,8) dio ez duela muga fisikorik nabari egunerokoan egiten dituen aktibitateetan; %34,1k muga fisikoak ditu aktibitate batzuk egiteko; eta gainerako %8,1k adierazi du bere egoera fisikoak eguneroko ekintza guztiak zailtzen dizkiola. Muga fisikoak dituzten herritarren gehiengoak laguntzaren bat jasotzen du ekintza hori egin ahal izateko, eta ohikoa da etxekoek laguntzea.

Usurbilgo Udalak eskaintzen dituen zerbitzuez galdetuta, adineko pertsonek oso balorazio ona ematen diote, batez beste 8,1ekoa. Edozein kasu, eguneko arreta faltan botatzen dute, eta gehienek zerbitzu hori herrian jartzea ondo edo oso ondo baloratuko lukete, eta askok erabiliko zuketela adierazi zuten. Hain zuzen, eskari hori aintzat hartu, eta zerbitzua eskaintzeko asmoa du Udalak. Horretarako, baldintza da gutxienik sei lagunek izena ematea. Gehienez ere 12 laguneko taldea osatuko da, hasiera batean, bederen.

Zerbitzuaren nondik norakoak

Zerbitzu horren bidez, herritar nagusien kalitatezko bizitza, osasuna (fisikoa nahiz psikikoa), familia eta adiskideekin dituzten harremanak mantendu, aisialdiaz gozatu eta era guztietako arazoak prebenitzen laguntzeaz gain, parte-hartzaileen gustoko ekintzak egingo dituzte, hala nola tailerrak, tertuliak, esku-lanak, memoria lantzeko tailerrak eta ariketa fisikoak.

Eguneko Arreta Artzabalen eskainiko da, astelehenetik ostiralera, eta hiru orduz, goizez. Hezitzaile bat arduratuko da taldeaz.

Prezioak Buruntzaldeko udal guztien artean adostu dira, eta erabiltzaileen diru-sarrerak aintzat hartuko dira, zenbatekoa zehazteko. Hau da, eguneko euro bat, bi euro edota 3 euro ordainduko dira, bakoitzaren diru-sarreren arabera. 60 euro kostatuko da hilero, gehienez ere.

Usurbilgo Udala izango da zerbitzu hori martxan jartzen lehena.

Interesatuta egon edo informazio gehiago jaso nahi izanez gero, herriko Gizarte Zerbitzuetara deitu (943 37 71 10) edo bertaratu daitezke herritarrak.