Albisteak
Atzealdea

Pasabide arriskutsuak

2020ko urtarrileko Udalberrin argitaratutako zutabea, pasabide arriskutsuen inguruan.

2020·01·15


Pasa den abenduaren 28an ezbehar larria gertatu zen Ingemar aldameneko tren pasabidean. Gizonezko bat zaurituta eraman zuten erietxera, trenak harrapatuta. Zorionez, onik dago. Ezbeharrak ez du harrabots gehiegirik sortu herrian, baina, berriro ere, agerian utzi du oinezkoon segurtasun falta. Istripuaren berri izan bezain pronto, ETS Eusko Trenbide Sareko arduradunarekin jarri nintzen harremanetan. Eurena da eskumena. Adierazi nion istripuak beste behin ere agerian utzi duela tren pasabide horretan (zein besteetan) oinezkoek duten arriskua, eta, ondorioz, berandu izan baino lehen, ordua iritsi dela behin-betikoz neurriak hartzeko eta proiektu bideragarri bat gauzatzeko.

Zutabe hau prestatzeko hemeroteka lanetan ari nintzela, Noaua!-n irakurri dut 2014ko martxoaren 25ean egindako osoko bilkuran alderdi politiko guztiek aho batez eskatu zutela tren pasabide guztiak ezabatzeko. PSE-EEk aurkeztu zuen mozio hura, eta hauxe zioen, hitzez hitz, lehen puntuak: “Usurbilgo Udalak Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari dei egiten dio herrian dauden zortzi tren pasaguneak eta nasen arteko pasabidea ezabatzeko. Gure herria Gipuzkoan tren pasagune gehien duen herria delako, eta Euskal Autonomi Erkidegoan bigarrena izanik euskal trenbide sarean”. Artean, Mertxe Aizpurua zen alkatea. Plenoko aktan aipatzen da Atalluko pasabideari loturiko proiektua egina zuela ETSk eta 800.000 euroko inbertsioa aurreikusten zuela tren geltoki ingururako. Alkateak esan zuenez, lehentasuna emango zion Jaurlaritzak proiektu honi. Jakin badakit aurreko alkateek ere hainbat bilera eginak zituztela gai honekin. Ia sei urte pasatu dira orduz geroztik, eta ETSk ez du deus egin gure herrian.

Legealdia hasi denetik birritan elkartu gara ETSko arduradunekin. Lehen aldian mezu argi bat igorri genion: “Zor historikoa duzue Usurbilekin”. Gure herrirako proiektuak izan badituzte; baina, tiraderan gordeta. Aldameneko herrietan, Orion, Zarautzen eta Donostian kasu, inbertsio eta proiektu potoloak gauzatu dituzte, baina, urteak joan, urteak etorri, gure herrira ez da ezer iristen. Ez dugu proiektu faraonikorik eskatzen. Tren geltokirako konexio eta bide seguruak, irisgarriak eta duinak baino ez.   

Egiari zor, Troiarako soluzioa bertan behera geratzearen arduraduna ez zen ETS izan, Diputazioa baizik. Proiektu hura ETSk landu zuen, udalarekin elkarlanean, eta soluzio integrala ematen zien tren pasabideari, errepideari eta Troia eta Ugaldea bidegorriz lotzeko beharrari. Hori ezean, orain, erakunde bakoitzak bere aldetik eman dio soluzioa bere zatiari: ETSk barrerak jarri ditu tren pasabidean, eta Diputazioak semaforoa du errepidean (zebrabidea jartzekoa da). Zerbait da, baina ez dut uste hori denik puntu arriskutsu horrek beharko lukeen soluzioa.

Edonola ere, ez gaude etsitzeko, eta harremanetan jarraitzen dugu ETSrekin eta Diputazioarekin. Urtarrilaren bigarren hamabostaldian bilera ugari ditugu beste erakundeekin gure herriko mugikortasuna hobetzeko, garraio publikoa sustatzeko eta puntu arriskutsuei soluzio egokiak topatzeko helburuz. Besteak beste, ETS-ko arduradunekin, Bide Azpiegituretako diputatuarekin eta Mugikortasuneko diputatuarekin bilduko gara. Elkarlanerako eskaintza egitera eta Usurbil euren agendetan kokatzera goaz.